Behobide, lasterketako helmuga zeharkatzen
Oinez ibiltzera joaten zen eta egun batean korrika egiten probatu zuen. 32 urte zituen eta Txingudi Korrika lasterketan eman zuen izena. Gustatu zitzaion eta hori egin nahi zuela erabaki zuen. Urtetik urtera denborak hobetzen joan da eta aurten ia dena irabazi du. Txingudi Korrika, Donibane Lohizune-Hondarribia eta Behobia-Donostia. Baina bere urteko helburua Donostiako maratoia du. Bi astera egingo dute eta proba hori bukatu arte ez du atsedenik hartuko.
Zorionak. Ametsa bete duzu?
Bai, ametsa da bai. Baina Donostiako maratoia prestatzen ari naiz. Bi aste geratzen zaizkit, maratoia korrituko dut eta atseden hartuko dut. Ondo ote nagoen ikusteko korritu dut Behobia eta ikusten dut baietz, ondo nagoela.
Behobia-Donostia irabazteak sekulakoa izan behar du. Ez?
Bakarrik imajinatzea izugarria da, hainbeste jende ikusita. Esaten diozu zure buruari, ‘iristen banaiz, irabazten badut, sekulakoa izan behar da’. Eta hala izan da, jende guztia txaloka, giroa… hunkigarria da, egun oso polita izan zen. Asko merezi du, berdin dio nola imajinatu izan duzun, hori gainditzen du irabazten baduzu, handia da.
Hain gogorra izan al zen lasterketa?
Lehengo urtean euri pila bat egin zuen eta haize pixka bat, baina aurten askoz gehiago. Biserarekin atera nintzen eta hirugarren kilometrorako haizeak eraman zuen. Mutilen artean korrika egin nuen, goxo-goxo joaten saiatu nintzen, baina ez zegoen modurik. Hortaz, kronoaz ahaztu nintzen eta lasai egin nuen aurrera, ondo nengoela ikusita aurrera egiten nuen, baina erlojuari kasu egin gabe.
Zein unetan jakin zenuen garaipena zurea izango zela?
Jakin ez duzu jakiten. Jendeak esaten dizu ‘eutsi, lehenengoa zoazela’, hori badakizu eta zu nola zoazen ere badakizu, baina hainbeste jenderen artean ez dakizuna da bigarrena eta hirugarrena non dauden eta nola datozen, ezinezkoa da jakitea. Bulebarrean sartu nintzenean ikusi nuen irabaziko nuela eta poztasun handia eman zidan.
Zu, nola iritsi zara Behobiara formaz?
Ondo nago. Duela bi aste Donibane-Lohizune Hondarribia egin nuen, Donostiako hamabost kilometroak ere, oso ondo, erritmo ona hartzen eta gustura. Ea maratoian nola ibiltzen naizen. 2:45 nahi dut egin, 2:47 da nire marka eta nahi dut hobetu. Horrekin nahikoa izango da, oso jende ona etorriko delako, Espainiako Txapelketa izango delako. Horregatik nire lasterketa egin behar dut, nire erritmora; ez dakit zein postutan geratuko naizen baina denbora hori egiten saiatuko naiz.
2013an Txingudi Korrika, Donibane-Hondarribia eta Behobia irabazi dituzu. Sekulako urtea izaten ari da zuretzat.
Txingudi Korrika asko gustatzen zait eta poza eman zidan irabazteak. Donibane lehen aldiz irabazi dut eta gogo handia nuen etxera, Hondarribira lehen postuan iristeko. Aurten dena kolpez etorri zait, oso pozik nago baina lasai ere, maratoia egitea falta zaidalako. Donostiako maratoia bukatzen dudanean ospatuko dut dena. Poliki noa, ondo bukatu nahi dudalako.
Oso berandu hasi zinen korrika egiten. Hori al da zure progresioaren arrazoia?
Zazpi urte daramat korrika egiten eta nire inguruan ibiltzen den jende askok agian hogei urte daramate, nik oso gutxi. Gauzak oso ordenatuta egiten ditut, goizean entrenatu, bazkaria garbia egin, dietista dut, ez naiz ateratzen, ez dut parrandarik egiten… Baina ez da sufrimendu bat, asko gustatzen zait korrika egitea. Bazkariarena bai egiten zait gogorragoa, gozokiak eta txokolatea asko gustatzen zitzaidalako, baina bestela ez nau inporta eta poza ematen dit.
Noiz arte?
Polita da, baina oso gogorra ere. Gainera, jende guztiak aurrean ikusten zaitu eta beti nahi dute zuk irabaztea, zu aurrean egotea, baina hori ezin da beti, besteak ere oso ondo prestatzen direlako. Zaila da aurrean egotea, baina nik uste bi edo hiru urte gehiago egingo ditudala. Ez naiz gaztea, ez ditut 20 urte eta ez dakit zenbat denbora gehiago egon naitekeen hor aurrean. Agian atzean egoten disfrutatzen jarraituko dut, lagunekin, baina beste modu batera egingo dut.
Aurten emakume baten heriotza izan da albiste. Ezinezkoa al da horrelakorik ez gertatzea?
Behobia ari da izugarri handitzen, geroz eta jende gehiago etortzen da, jendeak asko prestatzen du lasterketa, saioak ondo egiten dira… Baina gauza horiek gertatzen dira, eta ez du esan nahi gauzak gaizki egin direnik. Pena handia da, egun polita izaten da eta dena ondo ateratzea nahi dugu, baina hori ezin da kontrolatu. Pena izugarria izan da.