San Marko Eguna osteguna izanik ere, igandean ospatuko dute Errenteria-Oreretan. Ekitaldiz beteta etorriko da, eta batez ere kirola, aldarrikapena eta musika izango dira zutabe nagusiak. Goizean, lehenengo bien txanda izango da. 10:00etan aterako da Foru plazatik erromeria martxa, aurten seigarrenez, San Markora. Independentistak sareak antolatu du, eta kolore berdea eramango dute San Markora.
Bide bera hartuko du krosak ere. 10:30ean aterako da Herriko Plazatik. Ohi bezala 5,5 kilometroko ibilbidea egingo dute korrikalariek, baina baten bat oraindik izena eman gabe baldin badabil, egunean bertan ere egiteko aukera izango du, 09:00etatik 10:00etara, Herriko Plazan, 10 euroren truke. EAT Errenteriako Atletismo Taldeak ekimenaren antolatzaileak jakinarazi du, aurten txipa eramango dute korrikalariek, denborak zehaztasun gehiagorekin hartzeko.
Lasterketa bukatutakoan sariak banatuko dituzte, 11:30 aldera kalkulatu du antolakuntzak. Maila guztietako lehen hiruek garaikurra jasoko dute, eta baita EATeko gizon eta emakume korrikalariek ere. Irabazleei, gainera, San Marko opila emango diete.
Eguerdian meza izango da Benito Ijurra apaizarekin, eta mezaren alternatiba gisa, herri kirolak izango dira. Ezpeletatarrak ariko dira aizkoran, eta Joseba Ostolaza harri jasotzen.
Arratsaldean izango da musikaren txanda. Lehenengo, Sardexka taldea entzuteko aukera izango da, eta gero, Bad Sound System taldeak denak jarriko ditu dantzan.
Era berean, 09:30etik 13:30era bitartean, artisau liburuen tailerrak izango dira gazteenentzat. Asmoa, teknika ezberdinak baliatuta, testuak eta marrazkiak edo beste edozein elementu batzen dituen liburu bat osatzea da. 3 eta 13 urteko haurrei zuzenduta dago.
Egitaraua
- 09:30-13:30: Artisau liburuen tailerrak (3-13 urteko haurrentzat).
- 10:00: IV. Erromeria Martxa San Markora, Foru plazatik abiatuta. Antolatzailea: Independentistak sarea.
- 10:30: San Markora igoera, krosa.
- 11:30: Sari banaketa.
- 12:00: Meza.
- 12:00: Herri kirolak. Aizkolariak: Ernesto Ezpeleta Bihurri eta Hodei Ezpeleta (13 urte). Harrijasotzailea: Joseba Ostolaza.
- 16:00-17:30: Haur eta gurasoentzako dantzaldia Joxe Mendizabalekin. Eta haurrentzat txokolate jatea.
- 17:30: Kontzertua: Herriko Sardexka taldea.
- 18:00: Kontzertua: Bad Sound System.