2019rako aurrekontuetarako udal gobernuaren proposamena "hiriak egun dituen oinarrizko beharrekin" aztertu eta alderatu duela dio, eta beharrezko zenbait proiekturi dirurik ez bideratzea leporatu diote gobernu sozialistari.
Xabier Iridoy.
Hiru aste pasa dira oposizioko talde guztiek 2019rako aurrekontuetarako udal gobernuaren proposamena jaso zutela. Ordutik, talde jeltzaleak proposamen hori “hiriak egun dituen oinarrizko beharrekin” aztertu eta alderatu duela dio, eta beharrezko zenbait proiekturi dirurik ez bideratzea leporatu diote gobernu sozialistari.
Era berean, udal gobernuak aurkeztutako proposamenak jasotzen ez dituen zenbait behar nabarmendu dituzte taldetik: “erabat onartezin iruditzen zaigu, bere aurrekontu proposamenean Irunerako hain ezinbestekoak diren proiektuak garatzeko edo aurrera pausoak emateko diru kopururik ez bideratzea”, adierazi du Xabier Iridoy bozeramaileak. Hala, Hegoaldeko Ingurabidearen bigarren faseari hasiera emateko, Plaiaundiko kirol instalazioak lekualdatzeko edota hirian dauden etxebizitza hutsen alokatzea sustatzen duen Bizigune programa bultzatzeko dirurik bideratu nahi ez izatea leporatu diote gobernu taldeari.
Gainera, dagoeneko Udalbatzak onartutako Auzo Planaren betetzean ere hutsuneak daudela salatu dute. “Non geratu da San Miguel auzoko futbol zelaiaren eraikuntza? Berio kalearen berrurbanizazioa? edo Meaka auzoaren sarbidearen hobekuntza?”, gehitu du jeltzaleak.
Aurrekontuen proposamenerako aurkeztutako aldaketekin, “hirian ditugun beharrei erantzuna eman nahi diegula” nabarmendu du bozeramaileak. “Guk orain arte bezala Irun hiri eredugarri bihurtzeko lanean jarraituko dugu gure hiri proiektu eta Irungo hiriak dituen premisak erreferentziatzat hartuta”, gehitu du.