Hariari behar duen argia

Estitxu ortolaiz hariya!

Argazki gehienetan detailea bilatu du Ortolaizek (arg: Estitxu Ortolaiz)

Harilak, hari harilak, gorriak, granateak, moreak, beltzak, urdinak, grisak eta zuriak. Hori dute lan tresna saregileek, arrantzarako barkuetako kilometrotako sareak konpontzen ibiltzen diren emakumeek. Eta hori da egunotan Hondarribiko Arma Plaza kultur eta turismo gunera hurbiltzen denak goiko solairuan aurkituko duena. Hilaren 18ra arte Estitxu Ortolaiz argazkilari hondarribiarraren Hariya! erakusketa bisita daiteke bertan, turismo bulegoaren ordutegian: astelehenetik larunbatera 10:00etatik 18:00etara, eta igandetan 10:00etatik 14:00ak arte.

Hilabeteak eman ditu Ortolaizek argazkiak ateratzen eta erakusketa prestatzen. Ordu asko lurrean zabaldutako sareen artean, jostunen hatz azkarrak betikotu nahian: “Martxoan hasi nintzen lan honekin, hilabetean hiru edo lau aldiz joaten nintzen; bukaeran ja ‘hemen berriro?’ galdetzen zidaten”, kontatu du barrez. “Hainbat izan dira egin beharreko sesioak baina pena merezi izan duela uste dut”.

Hariya!

Erakusketako kartela

Saregileei ehunka argazki egin dizkie Ortolaizek, eta kosta egin zaio aukeratu behar izatea, “beste erakusketa bat egiteko adina ditut”, nabarmendu du. Arma Plazako aretoan, formatu handikoak, ertainekoak eta txikikoak berezituak azaltzen dira eta atal bakoitzak patxada desberdina eskatzen du. Detaileetan arreta jarri behar da, komeni, irudiei begirada bat baino gehiago ematea, argazkilariak nabarmendu nahi izan duen keinu hori harrapatu arte.

Argazkilari bezala erronka izan dela ziurtatu du Ortolaizek, askotan detailea bilatu duelako, eta eremu sakontasun oso gutxiko argazkien bila joan delako. “Harritu nau zein azkar josten duten, ez zidan denborarik ematen enfokatzeko, ezinezkoa zen”.

Normalean azken gauza izaten den arren, oraingoan lehenengotakoa bildumari izenburua jartzea izan da. Hala kontatu du: “Argazkiak ateratzen hasi nintzenean halako batean entzun nuen: ‘hariya!’. Eta handik gutxira berriro ‘hariya!’, eta harila batetik bestera ibiltzen zen. Eta titulu polita dela pentsatu nuen”. Beste egun batean bideoa egitera joan zen, ‘hariya!’ nola esaten zuten grabatzera, “eta ‘ajuste!’ esanez hasi ziren, eta nik ‘nola ajuste?’ Eta azaldu zidaten: ‘Segun eta zer konpontzen dugun bat ala beste izaten da’. ‘Ondo da, baina gaur hariya! esan behar duzue’, esan nien”. Eta hala egin zuten.

Argazkiez gain, bideo zatiak ere azaltzen dira erakusketan, pantaila handian proiektatuta, saregileekin igarotako uneetan grabatutakoak. Argazkien bat-batekotasunik ez duten arren, grabazioek asko janzten dute erakusketa, sare konpontzaileen laneko giroa ulertzeko lagungarri direlako. Finean, hori da Ortolaizek bilatu duena, saregileen ofizioa ezagutarazi.

Jarraipena behar du
Bihar astebete izango da Hariya! ireki zutela, eta joan den asteburuan jende andana gerturatu zen bertara. Baina aurkeztu, astelehenean aurkeztu zuten. Egileaz gain, Txomin Sagarzazu alkatea eta Maria Serrano Turismo zinegotzia izan ziren bertan. Alkateak Ortolaiz zoriondu zuen eginiko lanagatik, “gure sare konpontzaileen ofizioaren atzean, ez lantegia bakarrik, baizik eta ofizioaren atzean dauden hainbat ñabardura” jasotzeagatik.

Serrano zinegotziak aitortu zuenez, hasieratik argi izan zuten Ortolaizen erakusketa babestu behar zutela: “Duela hilabete batzuk etorri zen, itsasoari buruzko zerbait egin nahi zuela, ez zekiela ziur liburu bat edo erakusketa bat nahi ote zuen. Aztertzen hasita, oso interesgarria dela ikusi genuen, argazkilarien lana balioan jartzeko udaletik ematen ari garen beste urrats bat delako, eta sare konpontzaileen lana erakustea benetan garrantzitsua delako”.

Erakusketarekin helburu bikoitza bete du argazkilariak: “Beti nahi izan dut erakusketa bat egin, eta gainera arrantza mundua beti izan dugu familian oso sartuta, aita ezik beste guztiak aritu edo ari dira, aitona, amona, osabak eta lehengusuak”. Horregatik, argazkiak egin dituenean omenaldi gisa erabiltzea zuen buruan: “Beti gustatu zait mundu hori, eta omenaldi txiki bat egin nahi nion bai herriari, baita arrantza munduari ere. Eta bide batez, Hondarribiko arrantza munduan dauden emakumeei. Askok ezagutzen dute arrantzaleen lana, baina sare konpontzaileena ez du inork ezagutzen, eta ez dago arrantzarik sarerik gabe”.

Estitxu Ortolaiz hariya!

Erakusketarako ordu asko partekatu ditu Ortolaizek Hondarribiko saregileekin

Orain arte erakusketak izan duen harrerarekin oso gustura dago argazkilaria, baina bereziki eskertua saregileekin, lanbidea erakutsi diotelako eta besoak zabalik hartu dutelako: “Hasi nintzenean ez nekien zer aurkituko nuen, baina gero hurbilagotik ezagutu ditut, eta oso mundu polita da. Oso gogorra ere bai, ordu asko sartzen dituztelako, hotza pasatzen dutelako. Orain lokal berria dute, berogailuarekin, baina itsasontzia aberiarekin etortzen bada, itsasontzira joan behar dute, edo kanpora, eta konpondu arte han egon behar dute. Eta oso harrera ona egin didate”.

Alkateak uste du erakusketara hurbiltzen dena harritu egingo dela seguru, “jende askok ez dakienaz jarduten duelako”. Eta jarraipena izango duela sinistuta dago Sagarzazuk: “Orain Hondarribian ikus daiteke, baina aurrerantzean beste zenbait tokitan erakutsi ahal izateko urratsak ematen ari dira ere”.

Ortolaizek berak ere gustura hartuko luke erakusketa beste nonbaitera tokiz aldatzea. Bestela ere, arrantza munduari arreta jartzen jarraitzeko asmoa duela aurreratu du: “Pentsatu dugu liburu forma ematea, baina lehenago arrantzaleei egin nahi diet saregileei egin diedana, beraiekin itsasontzian nahi dut joan, eta dagoeneko hasi naiz argazkiak egiten, deskargatzen, sareak nola sartu edo ateratzen dituzten, hori ere interesgarria delako”.

Lan «gogorra» baina «baita polita ere» da saregileena

Beste portuetan ez bezala, Hondarribian badira lanbideari eutsiko dioten gazteak. Azken inbertsioek haien lana hobetu dute, baina kexu dira lesioak ez dizkietelako laneko gisa onartzen

Haiekin azken urtean konpartitu dituen uneengatik esker ona azaltzeaz gain, sare konpontzaileen munduari argia eman nahi izan dio Estitxu Ortolaiz argazkilari hondarribiarrak. Helburu bikoitz hori du hilaren 18ra arte Hondarribiko Arma Plaza kultur gunean bisita daitekeen Hariya! erakusketak. Argazkietan Hondarribikoak azaltzen dira lanean, baina irudiak berdin-berdin izan zitezkeen Bermeo, Ondarroa, Lekeitio, Getaria edota Orion hondatutako sareak josten ibiltzen diren emakumeenak.

Euskal Herrian galtzeko arriskua duen lanbidea da saregileena. Oso herri gutxitan irauten dute eta, badiren lekuetan, geroz eta gutxiago dira. Baina Hondarribian bada erreleborik. Bizkai eta Gipuzkoako gainontzeko portuetan ez bezala, Hondarribikoan gazteak daude, ofizioari eutsiko diotenak. Nerea Azaldegi da horietako bat, lantaldeko gazteena. 30 urte ditu, eta urtebete baino ez darama saregile gisa. “Amona saregilea izan zen, eta ikastaroa egin behar zutela egunkarian irakurri nuenean, izena ematea erabaki nuen”, kontatu du.

Ikastaroan izena eman, bertan lanbidea ikasi eta berehala hasi zen lanean. Gogorra ote den galdetuta, arnasa hartu du erantzun aurretik: “Bai, gogorra da, baina beno, lan egin behar da, eta lan polita ere bada, oso polita”. Taldean lan egitea gustuko du, lokalean bizitzen duten giroa: “Elkarrekin lan egin, eta barkuei laguntzea, arrantzaleei, hori ere polita da”. Badaki lan garrantzitsua dela beraiena, sarerik gabe ez baitago arrainik etxera eramaterik.

Saregileak

Saregileek besoak zabalik hartu dutela esan du Ortolaizek

Batez ere etxean entzunda ezagutzen ditu Azaldegik garai batean sare konpontzaileek pairatzen zituzten lan baldintzak. Egoera asko hobetu da, jauzi handia eman da, baina horrek ez du esan nahi dagoeneko lanbide nekeza izateari utzi dionik. “Badakigu goizeko zortzietan hasten garela lanean, baina ez zein ordutan bukatzen dugun. Orain [udazkenean] ondo gabiltza ordu kopurutan, baina barkuren batek aberia ekartzen badu…”. Berari betetzea egokitu zaion lanaldi luzeena 11 ordukoa izan dela onartu du, baina lankideengandik entzun du 14-15 ordukoak ere egin izan direla. “Azkenean, arrantzaleak gure zain daude berriro itsasora ateratzeko”, zehaztu du.

Irailetik hobeto daude
Irailean asko hobetu ziren Hondarribiko saregileen lan baldintzak, azpiegitura berriak inauguratu zituztenean. Hobekuntzen artean, sareak zabaltzeko leku gehiago, eta berogailua. Maxu Sistiagak 26 urte daramatza ofizioan, eta hobekuntza eskertu du: “Berogailua bai, argi hobea ere bai, tokia ez hainbeste, baina ezin da gehiago egin, kontent”.

Berak ere gauza bera esaten du lanbideaz: “Gogorra, baina oso polita ere bada, harrapatzen zaituena”. Azpiegitura berriarekin askoz hobe daudela nabarmendu du: “Orain arte egon gara toki batean hotzarekin, hezetasunarekin, jelan tartean… sareak bustiak daude, eta gu ere bustiak ginen”. Hobekuntza nabari dute, baina lan nekeza izaten jarraitzen duela adierazi du: “Udaberri aldean ordu asko egoten gara lanean”.

Lokalaz gain, azken urteetan izan dira beste hobekuntza batzuk, “lanerako postura, lehen lurrean eserita egoten ginen, banku txiki batean. Orain aulkian gaude, burdin batzuk ditugu sarea jartzeko, eta erosoago gaude”. Arma Plazako erakusketaren txoko batean, parez pare jarri ditu Ortolaizek lan egiteko bi modu horiek, lehengoa, eta oraingoa. Aldea sekulakoa da.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretako sailburuak inauguratu zuen irailean Eusko Jaurlaritzak eraikitako lantoki berria. Orduan, saregileen ezkutuko lana “gizarte osoak eskertzen eta baloratzen” duela adierazi zuen sailburuak. Sistiagaren iritziz, orain hasi da saregileen lana baloratzen: “Urte batzuetatik hona ikusgarri bilakatu gara, eta egunetik egunera gehiago”.

Saregileen ofizioa eta lan baldintzak ezagutaraztea oso positiboa dela deritzo, oraindik jaso gabe dituzten hainbat aldarrikapen dituztelako, besteak beste “minak onartzea”. Lan baldintzengatik ohikoak dira saregileek pairatzen dituzten giharretako lesioak: artrosiak, lunbalgiak, hezetasunaren erruz sortzen zaizkienak, eta abar. Gezurra dirudien arren, ez zaizkie onartzen lan gaixotasun edo lanean sortutako lesio bezala: “Esaten digute ez direla lanean sortutakoak, besterik gabe sortzen zaizkigula, ez lanean”.

Ez da eskaera bakarra, oraindik alde handia baitago saregileen eta itsasoko beste lanbideen artean, bide handia dute betetzeko. Mendeetan ezkutuan egon dira, orain gutxira arte. Estitxu Ortolaizek ikustarazi nahi izan ditu, eta argazkien bidez eman die argia. Argazkilariak egin duen bezala, jasotzen ari diren argi hori ondo baliatzea da saregileek etorkizunari begira duten erronka nagusia.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend