Irungo Gabonetako Krosaren amabitxi izango da Asun Casasola

gabonetako.krosa

Gaur goizean aurkeztu dute krosa.

Abenduaren 22an jokatuko da, bosgarrenez, Super Amara Irungo Gabonetako Krosa. Haurrentzako eta helduentzako lasterketak izango dira: 15:30ean hasiko dira haurrenak (batzuk dira), eta 16:45an, bost kilometroko bidearekin Irungo zentrotik, helduena. Izen emateko bakoitzeko euro bat Asun Casasola Ipuin Lehiaketa antolatzen duen Parean elkartearentzat izango da. Eta lasterketak amabitxi oso berezia izango du, Asun Casasola bera. Bidasoa Atletismo Taldeak (BAT) antolatu du, aurten ere, herri lasterketa.

Iaz, 1.300 kirolarik parte hartu zuten proban, 612 adin nagusikok eta 700dik gora haurrek (adinaren araberako lasterketak egiten dituzte). Aurten kopuru horietan egoteko asmoa dute BATek kideek, beti ere kontuan hartuz haurren lasterketek 700 partaideren muga dutela. Hala, izena emateko aukera zabalik dago. Kirolprobak-en webgunean egin daiteke Internet bidezkoa, eta Leire Sport kirol dendan (Irun), Papykop paper dendan (Hondarribia) eta BATen egoitzan aurrez aurrekoa. Prezioa: haurrena doan da, eta helduek 13 euro ordaindu behar dituzte. Helduek, lasterketaren kamiseta eta eskumuturreko argiduna jasoko dituzte, elikagai solido eta likidoez gain.

Helduen lasterketan, gainera, hainbat erara parte har daiteke: bakarka, taldeka, kuadrillaka… Horiek hainbat zozketetan parte hartuko dute, atal bakoitzari dagokion saria jasotzeko aukera izateaz gain. Dortsalak abenduaren 20 eta 21ean Irungo Super Amaran jaso daitezke (17:00-21:00), baita 22an goizean ere (09:30-12:00). Jaso ez direnak, irteeran jaso daitezke 22an bertan.

Esker ona
Parean elkarteko Miren Lantzek BATen iniziatiba txalotu egin du, eta adierazi du BATek Gabonetako lasterketaren bidez Asun Casasola Ipuin Lehiaketari emango dion laguntza oso garrantzitsua dela. Gainera, Lantzek aipatu du aurten lehiaketan maila gehiago daudela, eta krosaren bidez jasotako laguntza onuragarria izango dela den-dena ondo joan dadin. Lantzek aipatu du, gainera, aurtengoa urte berezia dela, 10 urte bete baitira Nagore Laffage hil zutenetik.

Asun Casasolak ere zinez eskertu du BAT, korrikalari bakoitzaren izen emateko euro bat indarkeria matxista ezabatzea helburu duen literatur lehiaketari bideratuko zaiolako. “Borrokan jarraituko dugu Nagoreri gertatu zitzaiona, beste inori ez gertatzeko. Kros, festa honetan parte hartzera animatzen ditut neska eta emakume guztiak ere”.

Pedro Alegre Irungo Kirol zinegotziak irundar guztiak animatu ditu Gabonetako Krosean parte hartzera, batez ere emakumeak. Berdintasunaren bidean, emakumeen partaidetzari garrantzia berezia eman dio Alegrek. Eta parte hartuko ez dutenei, kalera jaisteko esan die, korrikalariak animatzera

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend