Hondarribitik Durangora, musika eta literatura eskaintza

Gorpuzkingz

Gorpuzkingz taldeak ‘Mixtape bat’ bilduma digitala aurkeztuko du Durangon

Iristear da Durangoko Azokaren 53. ekitaldia. Ostegunean irekiko ditu ateak eta lau egunez milaka liburu, disko eta bestelakoak erosteko aukera izango da bertan. Urtero bezala, onenak eta txarrenak (norberaren gustuen arabera noski), denetarik egongo da Azokan.

Dagoeneko, euskarazko produktuen kontsumitzaileak hasiak dira erromesaldia prestatzen, erosi beharrekoen zerrenda egiten. Hurrengo lerrootan Olentzerori lana erraztu nahi diogu, hilaren 5etik 9ra Durangon aurkitu daitezkeen Hondarribiko idazle, musikari eta produktuak nabarmenduz.

Musika

Musikari dagokionez, noski, aurtengo ekitaldian izango da Hondarribiko musikarien lanak erosteko aukera. Berriak, gutxi. Bi dira aurten euskarazko diskoa kaleratu duten Hondarribiko taldeak, Horzdun eta Gorpuzkingz (besteren bat ahazten bazaigu, idatzi posta elektronikoz).

Horzdun sludge taldeak Eskifai baten urpeko kondairak diskoa kaleratu du 2018an. Musikazuzenean ekoiztetxearen standean aurkitzeko aukera izango da.

Gorpuzkingz taldeak, berriz, lan digitala aurkeztuko du aurtengo Azokan, hamar abestiz osaturiko Onyarbi Mixtape bat goiburukoa. Formatu fisikorik gabea denez, ez da Durangon salduko, baina zuzenean aurkeztuko dute, Ahotsenean. Igandean, 18:20ean, igoko dira oholtzara, matxapeta eta guzti.

Urbil Artola, bestalde, proiektu dezentetan murgilduta dabil azken bizpahiru urteetan. Horietako bat da Jon Gurrutxaga abeslari eta musikari elgoibartarrarekin darabilena. Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin Kateak argitaratu du Gurrutxagak. Ostegunean Ahotsenean aurkeztuko dute zuzenean, 17:00etan. Iker Laurobaren Udazkena diskoan ere kolaboratu du Artolak, Argia joan da abestian.

Durangora disko berria besapepean joango dena Lisabö talde irundarra izango da, Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen (Bidehuts) goiburukoa. Egun musikari taldean hondarribiarrik ez dagoen arren, diskoko zazpi abestien letrak Martxel Mariskalek idatziak dira.

lisabo 2018

Lisabö taldea, Martxel Mariskalekin

Lisabö-ren Egun bat nonnahi diskoa (Akuarela, 2002) berreskuratu du Bidehutsek, eta 10 hazbeteko binilo formatuan kaleratu du.

Saltzeko ezer eramango ez duen arren, Abiyuan txaranga nekaezinak ere bisitatuko du zubian Durangaldeko hiriburua. Larunbatean ariko dira kalez kale giroa sortzen. Lehen aldia da Hondarribiko txarangak Azokari lotutako ekitaldietan parte hartzen duena, eta modu aproposa da 15. urteurrena biribiltzen hasteko.

Literatura

Liburuei dagokionez, Maite Darcelesek Bihotzean daramagun mundua aurkeztuko du Durangon; Alberdaniaren saltokian salduko dute. Ostegun eta larunbat arratsaldean, gainera, liburuak sinatzen egongo da hondarribiarra, 17:00etatik 19:00etara (Barrenkale 48). Durangon bakarrik ez, Hondarribian ere aurkeztuko du liburua Darcelesek. Hain zuzen ere, Blagan Euskara Elkarteak antolatuta, hilaren 12an (asteazkena) egilearekin solasaldia izango da Kultur Etxeko 103 aretoan, 19:30ean hasita.

Liburua Sagarzazu Benito eusk

‘Hondarribia, ñabarduren hiria’ liburuaren azala

Javier Sagarzazu hondarribiarraren marrazkiak eta Ylenia Benito kazetari irundarraren testuak biltzen dituen Hondarribia, ñabarduren hiria liburu grafikoa ere presente egongo da Landako plazako estalpeetan, Otzarretaren standean. Arma Plaza Fundazioaren ekoizpena da, eta duela gutxi Veneziako Matite in Viaggio-Carnets Disegni Parole azokan promozionatu dute.

Jaime Altunak, bere aldetik, Itzalitako kalabazen berpiztea aurkeztuko du Azokan. Josu Ozaitarekin batera eginiko ikerketa etnografiko eta antropologikoaren fruitua da, Udako Euskal  Unibertsitatearekin (UEU) kaleratu dutena. Ostirala 7an aurkeztuko dute areto nagusian, 11:30ean; aurretik eta ondoren, 15:00ak arte, liburuak sinatuko dituzte (Barrenkale 31).

Igor Ortega soziologo hondarribiarraren, Territorio, retos y cooperativismo lana ere salgai egongo da Durangon. Mondragon Unibersitatearen argitalpena da, Lanki koadernoak atalaren barruan, Ortegak Aitzol Loyola lankidearekin batera idatzitakoa.

Euskarazko jatorrizkoa aurtengoa ez den arren, Arantxa Urretabizkaia ere hurbilduko da Azokara. Larunbatean Pamielaren standean sinatuko ditu liburuak 12:00etatik 14:00etara (Barrenkale 55), bai Bidean ikasia, baita gaztelaniazko moldaketa ere (Lecciones del camino).

Ikus-entzunezkoak

Durangoko Azokaren 53. ekitaldian ez da Hondarribiko pelikularik, edo bertako zuzendariren batek errodatutakorik izango, baina Joseba Sarrionandiaren obran oinarritutako Gure oroitzapenak film kolektiboko zuzendarietako bat Ane Muñoz hondarribiarra da. Sarrionandiaren Maggie, indazu kamamila! ipuinean oinarritu da Muñoz, bere film laburra egiteko. Ostegunean, hilak 6, proiektatuko dute Gure oroitzapenak Irudienean.

Horrez gain, Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzentzen ari diren Agur, Etxebeste-n badira hondarribiarrak. Aitor Vitoria zuzendari laguntzailea da, Oscar Markos kamera, eta script lanean Ane Muñoz ibili da. Bukatu gabe dago filma, baina Irudienean making-offa aurkeztuko dute, larunbatean, 18:00etan. Ez dakigu aurrerapenean Hondarribiko irudirik agertuko ote den, baina irailean Amute aldean ibili ziren eszenaren bat errodatzen.

Durangoko Azoka

Guneen mapa

Standen planoa

Egitaraua

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend