“Egunero delako euskararen aldia”

IRUNGO Udaletxea

Adierazpen instituzionala egin du udalak, Euskararen Egunaren harira.

Gaurko (hilak 3) Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Irungo Udalak adierazpen instituzionala egin du. “Bizi. Prest. Egunero delako euskararen aldia” izenburupean egin dute.

Etxean, kalean, eskolako jolastokian, ikasgelan, lantokian, lagunarteko solasaldietan, saltokian, zuzeneko harremanetan, birtualetan, liburuetan… Arlo guztietan bizi-bizi izateko konpromisoa hartu du udalak. “Prest gaudelako gu, euskal herritar gehien gehienok, hori horrela izan dadin. Prest gaudelako euskarari gure hitzen hegoak eskaintzeko, ahotik belarrira, bihotzetik bihotzera, burutik burura hegalda dadin, samur bezain indartsu”, adierazi dute.

Udala prest dago euskarak irundarren ahotan bizi-bizi dantza egin dezan, baita ere belarrietan euskararen soinua atseginez onartzeko. Hizkuntzaren normalizaziorako bidean, egin beharreko urratsak txikiak ez direla nabarmendu dute, ez dela erraza. Horretarako, “borondate aktiboa” eskatu dute udaletik, “sakon errotutako ohiturak” aldatzeko. “Eta eskatzen digu, batez ere, euskaldun izatetik euskaldun bizitzera doan tartea gainditzeko jokaera aktiboa. Eta etengabea”, gehitu dute.

Adostasuna eta batasuna
Euskarak batura behar duela nabarmendu dute, eta horretarako, adostasuna eta batasuna dira bidea egiteko ideia nagusiak. “Aktibotasuna, praktikotasuna da adostasun horren osagarri nahitaezkoa. Aski ez delako, honezkero, aldarrikapen hutsen linboan galtzen diren asmo arranditsuak plazaratzea. Atzean utzi behar dugu beste inork euskararen alde egin lezakeenaren zain egotea”. Munduari euskaraz ere helduz, euskararentzat belarria zein gogoa prest izanez eta euskara ahoz zein idatziz bizi-bizi eskainik. Eguneroko bizitza aberastu behar du euskarak, hori da udalak plazaratu nahi izan duen mezua.

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend