Bortxa ezabatzeko ipuinak

Laugarrenez abiatu dute Asun Casasola Ipuin Lehiaketa. Orri zurian, indarkeria matxistarik gabeko gizartea irudikatzen dute, egungoa deseraiki, eta jendarte berri eta parekidea eraikitzeko.

Antolatzaileek lehiaketaren zehaztasunak eman dituzte Bronte liburu dendan.

Indarkeria matxista ezabatzea dute helburu, hura biluzi eta lotsagorritzea berriz ere inon azaldu ez dadin, ez kale bazter, ez plaza, ez etxe barruan…  inon ere lekurik izan ez dezan. Berdintasunaren aldeko egin nahi du jendartea, eta erraza ez bada ere, prest dator laugarrenez Asun Casasola Ipuin Labur Lehiaketa. Duela bost urte hasi zuen bidea, umil. Gaztea da, adinez txikia, ez ordea asmo eta emaitzetan, hiru edizioetan 700 altxor jaso baititu itzali nahi duen indarkeria matxistaren kontra. Heziketa du gakoa, hitzen harilkatzea, orri zuriaren aurreko hausnarketa, indar handia erakutsi duen emakume baten izena, eta aurten ere prest da indarkeria matxistaren kontra ekiteko. Hilaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin batera abiatu zuten lehiaketaren laugarren aldia, eta bi hilabete eta erdiz jasoko dituzte lanak. Sari banaketa, berriz, martxoaren 8aren bueltan egingo dute. Martxan jarri berritan, lehenengo lanak jasotzen hasi direla aitortu du Oihana Llorentek. Lehiaketaren antolatzaileetako bat da, eta bost urte egin du atzera ipuin laburren sariketa antolatzea nola otu zitzaien gogorarazteko.

Txingudi Anti Sexista, Bidasoko 22 eragilek osatutako mugimendua zegoen martxan garai hartan, eta Euskal Herrian eraso matxistak zirenean protokoloa martxan jartzen zuen. Elkarretaratzea egiten zuten eraso bakoitza salatzeko : «Astero, bi astero, kalean ginen elkarretaratzean, beste eraso bat salatzen, eta ohartu ginen hori zela egiten genuen gauza bakarra». Hausnartzen hasi eta positiboan erantzuteko beharra sumatu zuten, eta asmatzen hasi ziren hurrengo erasoaren zain izan gabe, «horrela sortu zen ipuin laburren lehiaketaren ideia».

Lehen bi urtean, 400 ipuin
Gaur egun Irunen ez dagoen Bilgune Feministako kidea zen Llorente Nagore Lafagge irundarra bortxatu eta hil zutenean. 2008ko uztailaren 7an izan zen, San Fermin betean, «izugarria da ordutik Asun Casasolak, Nagoreren amak erakutsi duen kemena eta indarra. Bide handia egin du, positiboan, eta omendu nahi izan genuen lehiaketari bere izena jarrita». Lehenengo bi urteetan Txingudi Anti Sexistak antolatu zuen lehiaketa, baina gero desaktibatu egin zen mugimendua, eta orduan, Llorente eta beste bi lagunek Parean mugimendua sortu eta lehiaketarekin jarraitzea erabaki zuten, «ez genuen lehiaketarik antolatu orduan, baina ordura arte bildutako 400 lanen artetik 13 aukeratu eta liburua argitaratu genuen hainbat ilustratzaileren irudiak gehituta: Gogoratzen nauzuenetan. Pena handia ematen zigun lehiaketa galtzea, izen handia hartu zuelako hasieratik, eta laguntza eskatu dugun bakoitzean beti baiezko biribila jaso dugulako». Eta horrela sortu zen taldetxo bat lehiaketarekin aurrera jarraitzeko, Llorentek berak, Eneritz Duesok, Nerea Sarriegik, Joana Otxotekok, Bronte liburutegiko Ylenia Benitok besteak beste osatua.

Hiru urtean 700 ipuin aurkeztu dituzte Asun Casasola lehiaketara.
‘Nik sinisten zaitut’ da aurtengo lehiaketarako aukeratu duten leloa

Iaz lehen berritasuna heldu zen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza bati esker lehiaketan parte hartzeko adin tartea zabaldu eta 12-16 urte bitarteko gazteengana hurbildu ziren antolatzaileak; aurten, berriz, gehiago zabaldu dute adin tartea, eta 10 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoek ere badute parte hartzeko aukera». Lanketa berezia egin dute irundarren artean zabaltzeko lehiaketa, baina lanak mundu osotik heltzen direla zehaztu du Llorentek, «Hego Amerikatik ere bidaltzen dituzte ipuinak lehiaketara».

Antolatzen hasi zirenetik bost urte pasatu dira, eta ibilbide horretan asko jaso dutela aitortu du, gehienbat liburua egitea erabaki zutenean. 2016an izan zen hori, lehiaketa antolatzen hasi eta bi urtera.

Aukeratutako ipuinen egileekin harremanetan jarri ziren orduan, eta paper zuriaren aurrean jarri eta hausnarketa egitea zer suposatu zien galdetu zietenean, jasotako erantzunak benetan aberasgarriak izan zirela dio, «guk antolatu egiten dugu lehiaketa, baina ez dugu ikusten parte hartzaile bakoitzak egiten duena, eta azkenean hori da garrantzitsuena, atzean dauden ariketak dira. Lehiaketan saririk jasotzeko aukera ez zuten arren, Leka Enea ikastetxeak parte hartu zuen. Sari banaketara 15 ikasle bertaratu ziren eta Rap bat abestu zioten Asuni [Casasola]. Ikastetxera ere gonbidatu zuten bere alabari gertatutakoa berak konta zezan, eta landare bat landatu zuten… oso sinergia politak sortzen dira lehiaketaren bueltan, eta horrekin gelditzen gara».

Casasolaz mintzo da, ondoren. Indar handiko emakumea dela dio, egiten duen lana eta bere alabari gertatu zitzaiona beste inoren alabari berriz ere ez gertatzeko borrokan jarraitzea izugarria dela dio, asko suposatzen duela, «lehen pertsonan kontatzen duelako, eta hori asko da. Emakume arrunta da, eta beste emakumeen aurrean kontatzen duenean berari gertatutakoa edonori gerta dakiokeela ohartzen dira. Oso emakume enpatikoa da, eta izugarri aberasgarria da bera entzutea».

Gizartea, aurretik
Egoera oro har nola ikusten duten galdetuta, azkar erantzun du Llorentek. Kalean mugimendua ikusten dela, feminismoak aurrera urratsak egin dituela argi du, «Martxoaren 8ko aurtengo mobilizazioek erakutsi zuten ahalduntze bat izan dela, mugimendu feministak indar handia hartu duela», baina argi du epaitegiek eta instituzioek ez dutela erritmo hori jarraitzen, oso atzean gelditu direla: «Lotsagarriak dira epaitegietatik heltzen diren ebazpenak. Pentsa, Nagore Lafaggeren kasua ez da indarkeria matxistatzat jotzen bortxatu eta hil zuena ez zelako bere bikotekidea, ezta bikotekide ohia ere. Hori ez da ulergarria, ezta onargarria ere».
Atzera egin du Llorentek, eta 2016ra itzuli da. Ederra izan omen zen liburua argitaratzearen esperientzia, «izugarria». Tragediatik urrun, indarkeria matxista erpin guztietatik begiratuta osatu zuten, maskulinitate eredu ezberdinez, rol eta estereotipoen erreprodukzioan hezkuntzak duen garrantziaz, eta erlijio katolikoaren indarraz mintzo da liburu hori. Makina bat herritarri eskainiko zien dagoeneko hausnarketarako eta eztabaidarako tartea. Buruan dute beste liburu bat argitaratzea, dirua muga dute, ordea: «Gustatuko litzaiguke beste liburu bat argitaratzea jasotako lanen aukeraketa eginda, baina azkenean dirua da. Diru laguntzarik jasotzen badugu gustatuko litzaiguke, baina ikusi behar».

Indarkeria matxistaren kontrako borrokan positiboan eragiteko jaio zen Asun Casasola Ipuin Laburren lehiaketa, eta helburua neurri batean lortu dutela sinistuta dago Llorente: «Indarkeria matxistarik gabeko gizartea irudikatzea da gure helburua, eta ametsa dirudi, baina lor daitekeela uste dugu. Ariketa hori norberak egiten du lehiaketarako paper zuriaren aurrean jarri eta halako jendartea nolakoa izango zen irudikatzen duenean».

Indarkeria matxistaren kontra positiboan eragiteko sortu zuten lehiaketa
Feminismoak aurrera urratsak egin dituen zalantzarik ez dute antolatzaileek

Indarkeria matxistarik gabeko gizartea lortzea dagoela konbentzituta dago, horretan ari dira, horretarako. Gakoa, bereziki, hezkuntza dela dio, heziketan eragitea, «gure asmoa izan da hasieratik ikastetxeetara iristea, lehiaketaren bidez hausnarketarako bidea zabaltzeko». Gazteen artean geroz eta indarkeria matxista kasu gehiago ematen direla esan du, eta horrela berretsi du aste honetan bertan Nafarroako Gobernuak. Azken horren arabera, eraso sexisten aurkako salaketen %80, 30 urtetik beherako emakumeek egin dituzte bertan, bostetik lau, «belaunaldi berriak, gazteak okerrago datoz, indarkeria matxista oso jende gaztearen artean ematen da».

Heziketan sakondu behar
Heziketan indarrak metatu beharra nabarmendu du, «kale egiten ari gara, etxean, kalean, komunikabideetan… hezkuntzan bere osotasunean». Komunikabideei ere erreparatu die, eta geroz eta kontzientzia handiagoa badago ere, ez dela nahikoa iritzi dio, ez dagoelako formazio egokirik indarkeria matxistaren gainean, «geroz eta emakume kazetari gehiago dago, kazetari feminista gehiago, eta oro har lanketa txukuna egiten da, baina batzuetan gauza izugarriak ikusten dira: morboari garrantzia ematea, bizilagunei galdetzea… ez dugu formaziorik. Nik kontzientzia feminista dut, kazetaria naiz, eta halako gai bat landu behar dudan bakoitzean zalantzak izaten ditut, ez dakigulako pedagogia nola egin. Lan handia dago egiteko».

Lehiaketan parte hartzera deitu du Llorentek, «Asuni [Casasola] omenaldi txiki bat egiteko modua delako, eta merezi du. Gogoan dut lehiaketaren lehen ekinaldian epaimahaikidea izan zela. Lan handia hartu zuen ipuin guztiak irakurtzeko, fotokopiak egin eta lagunei banatu zizkien, sarea sortu zuen, eta guztien iritzia jaso. Onik ere ez zion egiten hainbeste denbora gaiaren gainean aritzeak egun batzuetan, baina hala ere jarraitu zuen. Orokorrean sentsazio positiboarekin gelditu zen irakurri eta gero».

Gaur egun ere, epaimahaikide aritzen ez bada ere, ipuin guztiak eskatzen dizkiela poliki irakurtzeko esan du: «Idatzitako lerro horiek guztiak Asunen begietara helduko direlako merezi du parte hartzea, zerbait esateko modua delako. Bestalde, behin eta berriz aipatzen dugun ariketa pertsonal hori denok egin beharko genukeela uste dudalako: paper zuriaren aurrean jarri, deseraiki eta berriro eraiki balio berrietan eta parekidetasunean».

Zaila dirudi errotuta dagoena deseraikitzea. Bat dator Llorente, «barru barruraino dugulako sartuta, eta nahi gabe kristorenak egiten ditugu, oso errotuta ditugun kontuak transmititzen ditugu. Kontziente izatea urrats bat da, gaizki egiten ari garenaz jabetzea ere, konpondu daitekeelako. Bada zerbait, lehen urrats bat. Gaur egun badira tresnak aldatzeko, eta eraikitzeko, borondatea da behar dena».

 

Lanak aurkezteko epea igandean zabaldu zuten

Urtero bezala, Azaroaren 25arekin, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin zabaldu dute Asun Casasola Ipuin Laburren Lehiaketan lanak aurkezteko epea. 2019ko otsailaren 10a izango da lanak jasotzeko azken eguna, eta sari banaketa, berriz, orain arte bezala, Martxoaren 8aren bueltan egingo dute.

Aurkezpena joan den ostiralean egin zuten Irungo Bronte liburu dendan. Nik sinisten zaitut izango da lehiaketaren laugarren ekinaldiaren leloa, eta esaldi hori izango da lanen abiapuntua. Manada-rena bezalako kasuek bultzatuta, 2018a inflexio puntua izan da indarkeria matxistaren aurkako borrokari dagokionean, antolatzaileen usteetan: «Argi geratu zen hori aurtengo martxoaren 8ko protestetan, jendarteak, nazkatuta, bere egin zuen Nik sinisten zaitut leloa». Lanak euskaraz edo gazteleraz aurkez daitezke, argitaratu gabeak eta originalak izan behar dute, eta orrialde batekoak (480 hitz gehienez). Parte hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkez dezake sariketara.

Lau kategoria izango ditu lehiaketak: euskaraz 10-16 urte artekoentzat; gazteleraz 10-16 urte artekoentzat; euskaraz 16 urtetik gorakoentzat; eta gazteleraz 16 urtetik gorakoentzat. Lanak posta arruntaz edo elektronikoz bidal daitezke. Arruntaz, Bronte liburu dendara (Kale Nagusia 16, 20304, Irun) helarazi beharko dira; dendara joanda ere aurkez daitezke, jendaurreko ordutegian.  helbidera bidali behar dira.

Epaimahaia antolakuntzak osatuko du, erakunde horretako kideen eta literatura munduko pertsonen artean aukeraturiko kideekin.
Lehiaketaren gaineko informazio gehiago web orrialdean kontsulta daiteke.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend