Oroitzapenen kutxa kalera, azokara

Maria Anjeles Zugarramurdi, bere bilobekin.

Musikaren munduan oraindik ezaguna ez den arren, ziur datozen hilabeteotan Euskal Herriko dozenaka ikastetxe, eskola eta etxetan Maria Anjeles Zugarramurdi irundarraren musika entzungo dutela haur eta nerabe askok. Bere lehen diskoa kaleratu berri du, bakarka gainera, eta osotasunean autoekoitzia. Zilbor-hestetik, bihotz-hestera izenarekin titulatu du bere estreinako lana.

Estudioan sartu aurretik,  abesbatza eta bestelako kanta taldetan aritutakoa da Zugarramurdi, baina onartu duenez, hau izan da bere lehen esperientzia profesionala. Hamarkada luzez konposatzen ibili da, eta orain erabaki du aurrera pausoa ematea. Solfeoa ez ikasi arren, musika eta aldi berean letra sortzerako orduan sekulako trebezia duela erakutsi du irundarrak lan honetan. «Badirudi ikaragarrizko solfeoa ikasi behar duzula musika sortzeko, baina ez da hala. Betidanik melodiak eta letrak sortzeko abilezia izan dut, sormen hori». Hala, formaziorik  gabe, eta hutsetik hasita, bere kabuz sortu du letra, musika eta ekoizteko prozesu guztia eraman du, kanpoko inolako laguntzarik gabe.
Kontatu duenez, haren lehen bilobaren jaiotzarekin batera etorri zitzaion estudiora sartzeko ausardia, haurrei bideratutako lan hori haren biloba eta Euskal Herriko guztiekin elkarbanatzeko desioa izan zuen. «Nire buruak eskatzen zidan konposatu behar nuela, eta bihotzak ere. Horri bidea eman behar nion». Bereziki haur eta nerabeei bideratutako diskoa egin du, eta nola ez, euren gurasoei.

Ume baten sorreratik nerabezarorako ibilbidearen doinuak entzun daitezke diskoan, betiere Zugarramurdiren ikuspegitik. Gainera,«ama eta amama bezala bizitutako esperientziak» islatu ditu. Bulling-a, lagun arteko harremanak, hezkuntza egokia, naturarekiko errespetua, elikaduraren garrantzia… Ez du gai edo sentimendurik landu gabe utzi nahi izan Zugarramurdik.

Orotara, 13 abesti ditu diskoak. Nagore Pineda hernaniarraren ilustrazio ikusgarriarekin apaindu du azala, eta Errenteria-Oreretako Paco Flores estudioan grabatu du osorik. Erabat propioak diren 13 abesti osorik ekoiztea gutxi ez balitz, Durangoko Azokari begira disko bikoitza egin du, 36 abestirekin hain zuzen ere. Diskoa grabatzeko, alboan zenbait musikari izan dituela kontatu du Zugarramurdik. Trikitia, pianoa… ukitu musikal ugari gehitu dizkio olerkiei. Halere, partitura eta melodia  guztiak ere irundarrarenak dira.

Nondik datorkio, ordea, musikarekiko erraztasun hori. Kontatu duenez, txikitatik musikarekiko afizio ikaragarria izan du, eta  abilezia hori «genetikoa» omen da. Nahi bai askok genetika hori. Partitura eta melodia guzti horiek sortzerako orduan, berak bere bide propioa egiten du: «Melodia bat datorkit burura, eta momentuan grabatzen dut, gero letra gehitzeko. Eta garrantzitsuena, letraren eta melodiaren arteko bikote hori ondo lantzen dut».

Inoren laguntza ekonomikorik gabe —ez baitu, esaterako, crowfunding-ik egin— erabat autoekoitzitako proiektua bideratzea oso zaila izan dela aitortu du. Gainera, grabazio prozesua ere konplexua izan da: «Oso gogorra da bakarka kantatzea. Ez du zerikusirik, beste mundu bat da».

Hala ere, emaitzarekin oso pozik geratu da goiko argazkiko hiru haurren amama. «Sekula ez nuke pentsatuko honaino iristeko gai izango nintzatekeenik. Gaur esan dezaket maiteminduta nagoela egiten dudanarekin».

Abesti bilduma, altxorra
Zugarramurdik diskoa grabatzeko pausoa eman aurretik, lehen mailako zenbait musikarirekin bildu zela kontatu du, euren oniritzia jasotzeko. Ehun kanta baino gehiago aurkeztu zizkien;  irundarrak espero ez zuen erantzuna jaso zuen. «Altxorra». Hala definitu zuten musikariek irundarraren bilduma. Orduan, eta senide eta gertukoen babesari esker, estudioa zapaltzeko zalantza guztiak joan zitzaizkiola aitortu du.

Hurrengo abenduaren 5ean Durangoko Azokan aurkeztu ostean, diskoarekin Euskal Herriko eskola, haurtzaindegi eta institutuetara «ate joka» joango dela kontatu du. «Nire desira norbaitek nire lana probestea da. Haurrek, gurasoek, irakasleek, denek ikas dezakete zerbait disko honekin», gehitu du.

Orain arteko bidea gogorra izan den arren, hurrengo proiektuari begira jarri da jada irundarra. Gainera, oroitzapenen kutxan oraindik hamarka —ehunka ez badira— abesti konposatuta dituela onartu du, eta aurrerago ere horiekin zerbait egiteko asmoa azaldu du.   «Pena emango lidake hemen geratzea, 36 abesti grabaturekin soilik».

Durangoko Azokan stand erdia izango du Zugarramurdik, abenduaren 5etik 9ra bitarte egongo da han. Bestalde, diskoa eskuratu nahi dutenek marianjeles.zugarramurdi@gmail.com helbidera idatzi edota 661 18 14 17 telefono zenbakira hots egin dezakete.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend