Bizikleta-martxa, bizikletaz joan ahal izatea eskatzeko

Bizikleta martxa Balazta

Balazta plataformaren bizikleta martxa, 2016ko Mugikortasun Astean

Talaia Gurasoen Elkarteak eta Balazta plataformak bizikleta martxa antolatu dute iganderako. 11:30ean abiatuko dira Gernikako Arbolatik, eta herriko ikastetxeak lotuko dituzte bidean. “Familia, ikasle, irakasle eta herritar guztiak animatu nahi ditugu martxa horretan parte hartzera”, dei egin du Balaztak.

Komunikabideei bidalitako oharrean azaltzen duenez, Talaiako zenbait gurasoren ekimenez sinadura bilketa handia egin da azken asteetan. “Ekimen horren helburua zera zen: Udalari eskatzea ikastetxeak eta hiriko hainbat alde bidegorri baten bidez lotzeko, ikasleak bizikletaz modu seguruan joan daitezen”. Balaztak nabarmendu duenez, plataforma sortzearen arrazoia eta sinadura-bilketaren helburua antzerakoak dira: “Eskari hori Balaztak bere ibilbidearen hasieratik udalari behin eta berriro egin izan dion aldarrikapen bat da; ikasleak ikastetxeetara era jasangarrian joatea nahi badugu, bizikletak aukera bat izan behar du, eta, horretarako, bide seguruak behar dira”.

Erantsi dutenez, inguruko herrietan haurrek badute ikastetxera euren kabuz eta segurtasunez joateko aukera, Eskola Bidea programaren bitartez: “Horrek, haurren autonomia eta auzotarren arteko elkarbizitza bultzatzeaz gain, mugikortasun jasangarria ere bultzatzen du, autoak bide publikotik kentzen baititu”.

Hondarribiko ikasleek ere aukera bera izatea eskatuko dute igandean. Duela bi urte ere egin zuten bizikleta martxa Balaztakoek. Orduan, udalarekin batera prestaturiko Mugikortasun Astearen barruan kokatu zen ekintza. Aurten, baina, udalak emandako urratsekin konforme ez eta Mugikortasun Astearekin ez zuen kolaboratu eskualdeko bizikleta erabiltzaileen plataformak.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend