Kantuan hasi dituzte Kepa Ordokiren omeneko ekitaldiak

Bertsotan faxismoari aurre

Jende ugari hurbildu zen ‘Bertsotan faxismoari aurre’ saioa jarraitzera

Bertsotan faxismoari aurre bertso emanaldi gidatuak abiatu ditu Kepa Ordokiren heriotzaren 25. urteurreneko ekitaldiak. Mende laurdena bete da Gernika batailoiko komandantea hil zela, eta Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan taldeak hainbat ekitaldi antolatu ditu. Atzoko saioko gidari Joxan Elosegik azaldu zuenez, “Kepa Ordoki eta faxismoari aurre egin zioten eta aurre egiten ari zaizkion guztiak omentzeko” asmoa dute jardunaldiek.

Eserleku gutxi geratu ziren libre atzo Kultur Etxeko areto nagusian, eta bertaratu zirenei ez zitzaien damutu. Izan ere, bertso musikatuen saio ederra izan zen antolatzaileek Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearekin elkarlanean prestatutakoa. Aitor Errazkin bertsolariak eta Laida Oronoz kantariak jardun zuten mikrofonoan, eta Aritz Erasunek eta Aitziber Arruabarrenak ederki lagundu zieten orain bi soinuekin, orain trikitia eta panderoa joz.

Ez bakarrik, baina batez ere Irun eta Hondarribiko hiru bertso egileren bertsoak entzun ziren, Joxe Mari Lopetegirenak, Juan Ezenarro Txori Txiki-renak, eta Joan Baxurkorenak. Hirurek 36ko Gerrako eta erbesteko bizipenak jaso zituzten bertsoetan eta bizipen haiek Kultur Etxeraino iritsi ziren atzo. “Ez dugu garaiko bertso onenak bilatu nahi izan —azaldu zuen Elosegik—, baizik eta eskualdean bizi izan ziren bertso emaileenak, komeni zen hemengo bertso emaileen sentimenduak zertan ziren jasotzea”.

Bihar segida
Bihar, ostegunez, jarraituko du Kepa Ordoki 25 urte jardunaldien egitaraua Irungo Palmera Monteron proiektatuko duten Gernika Batailoia, askatasun itxaropena dokumentalarekin. Ostiralean solasaldi oso interesgarria izango da Hendaiako Zokoburun, eta larunbatean itxiko da programa, omenaldi xume batekin.

Egitaraua

  • Gernika Batailoia, askatasun itxaropena dokumentalaren proiekzioa. Hilaren 29an (osteguna), 19:30etan, Irungo Palmera Montero gunean. Frank Dolosor kazetariak idatzia, berak aurkeztuko du. Faxismoaren kontra eta aliatuen alde borroka egin zuen euskal talde militarraren historia gogoratzen du.
  • Kepa Ordoki eta memoria historikoa solasaldia. Hilaren 30ean (ostirala), 19:00etan, Hendaiako Zokoburu eraikineko Hegoa gelan. Parte hartzaileak: Iñaki Egaña, Euskal Memoria Fundazioko Lehendakaria eta historialaria, eta Alberto Unamuno, Markina Xemeingo Ahaztuen Memoria elkarteko kidea.
  • Omenaldia. Abenduaren 1ean (larunbata), 12:30etan, Irungo Gernikako Arbolaren parean. Kepa Ordoki, eta bailaran askatasuna, demokrazia eta justizia sozialaren alde borrokatu duten pertsonak omenduko dituzte.
Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend