Euskara berriro baztertuta Ezagutu Zure Hiria programan

Remigio Mendiburu

Remigio Mendibururen eskulturgintza landuko dute lehen jardunaldi bikoitzean

Aste honetan hasiko da Ezagutu Zure Hiria programako ikasturte berria. Arma Plaza Fundazioak sei jardunaldi bikoitz antolatu ditu hurrengo hilabeteetarako. Horietatik lau gaztelaniaz egingo dira, beste bat elebitan, eta bakarra euskaraz. Aurreko ekitaldietan ere euskara alboratu izan du Arma Plaza Fundazioaren hitzaldien programak, baina oraingoan are eta deigarriagoa da, Euskaraldian murgilduta gaudela kontuan izanik.

Euskaraldia egiten ari den denbora tartean kokatzen den arren, gaztelaniazko jardunaldi batek abiatuko du ziklo berria. Jorge Oteiza museoko zuzendariorde Juan Pablo Huercanosek Remigio Mendiburu eta eskultura modernoaren bilbea goiburuko hitzaldia eskainiko du ostegunean Arma Plazako goiko solairuan, 19:00etatik aurrera.

Larunbatean, osteguneko hitzaldiari lotuta, Mendibururen eskulturak bisitatzeko ibilbidea egingo dute. Huercanosek berak gidatuko du, 11:00etan Arma Plazatik abiatuta. Bisita doan da, baina izena eman behar da aldez aurretik. Bi modutara egin daiteke, telefonoz (943 64 36 77 edo 943 64 46 23 zenbakietara deituta), edo posta elektronikoz.

Ezagutu Zure Hiria

Azaroak 29-Abenduak 1

Hitzaldia: Remigio Mendiburu eta eskultura modernoaren bilbea (gaztelaniaz). Juan Pablo Huercanos.
Bisita gidatua: Remigio Mendibururen hiri eskulturak ikusten (gaztelaniaz).

Abenduak 13-15

Hitzaldia: Hondarribiko gaztelua: Erdi Aroko gotorlekutik artilleriaren posiziora (gaztelaniaz). Gonzalo Lopez-Muniz Moragas.
Bisita gidatua: Karlos V.aren gazteluan barrena, bere hormetan bere historiaren aztarnak aurkitzen (gaztelaniaz).

Urtarrilak 24-26

Hitzaldia: Urpeko arkeologia Hondarribian (bi hizkuntzatan). Mertxe Urteaga.
Bisita gidatua: Gordailu. Higer lurmuturrean aurkitutako pieza arkeologikoen kontserbazioa (bi hizkuntzatan).

Otsailak 14-16

Hitzaldia: Denboraren makina Guadalupeko gotorlekuan. Juan Rocaren argazki albuma (gaztelaniaz). Juan Antonio Saez.
Bisita gidatua: Arma Plazako argazki erakusketara (gaztelaniaz).

Martxoak 21-23

Hitzaldia: Kaputxinoen komentua 1663 urtetik 2019 urtera: bere garrantzia historian zehar (gaztelaniaz). Jose Angel Etxeberria.
Bisita gidatua: Kaputxinoen komentua (gaztelaniaz).

Apirilak 4-6

Hitzaldia: Traineruaren bilakaera Hondarribian (euskaraz). Luis Mari Agirre, Inazio Olaziregi eta Koldo Ortega.
Bisita gidatua: Olaziregi ontziola eta Hondarribiko Arraun Elkartea (euskaraz).

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend