22,3 milioiko aurrekontua proposatu du EAJren gobernuak

Santiago zubia Aurrekontuak

Santiago zubiko pasabidearen egitura aldatu nahi dute 2019an

Aurreko urtekoak bezala, “zuhurtziaz” eginiko aurrekontu proposamena aurkeztu du gaur Hondarribiko Udal Gobernuak. Txomin Sagarzazu alkatea eta Juan Mari Altuna alkate ordea kazetariekin bildu dira, eta osteguneko plenora eramango duten proposamenaren berri eman dute, “zertzelada nagusiak” alkatearen hitzetan. Proposamenak oinarri dituen ardatz nagusiak zerrendatu ditu Sagarzazuk, eta Altunak zenbait proiektu zehatzago nabarmendu ditu.

Alkateak azaldu duenez, udalaren “egoera ekonomikoa ona da, ez dugu zorrik, eta sarrerak gastuak baino handiagoak dira”, eta hori horrela proiektuak aurrera eramateko aukera dagoela adierazi du. Nabarmendu du, gainera, sarreren %52a hartzen duen foru funtsaren aurreikuspena dezente handitu dela aurten. Hala, bosgarrenez jarraian, udal tasak eta zergak ez igotzea proposatuko dute jeltzaleek aurrekontuen eztabaidan.

21.600.203 euroko aurrekontu proposamena prestatu du EAJk 2019rako. Horri Hondarribia Lantzen erakundearena (289.000 euro) eta Arma Plaza Fundazioarena (403.000) gehituz gero, 22.292.230 euroko aurrekontu osatua geratu litzateke. Iazkoarekin alderatuta, %4,86ko igoera izango litzateke, batez ere gastu korrontean (%12) eta pertsonal arloan (%6tik gora) isla izango lukeena.

Proposamenak aintzat hartzen dituen ardatz nagusiak zerrendatu ditu Sagarzazuk. Honakoak lirateke: udaletxea eraberritzea, Gizarte Zerbitzuetako Plan Estrategikoa egitea, Kasino Zaharreko kanpoaldea berritzeko lanak esleitzea, Damarrin babestutako etxebizitzak eraikitzeko prozesu teknikoa abiatzea, Hirigune Historikoa birgaitzeko plana idaztea, Mendeluko Plan Berezian “indar berezia jartzea”, eta minibusaren proiektua beste erakundeekin landu eta lehiaketara eramatea.

Altunak, zenbait proiektu zehaztu ditu, batzuk aurrekontuan jasotzen direnak, beste batzuk 2019ko lehen kreditu aldaketan onartu nahi dituztenak, eta azkenik, 2018an abiatu diren proiektuen jarraipena. Jeltzaleek datorren urtean abiatu nahi dituzten lanetako batzuk dira San Nikolas zubia aldatzea —pasabidearen egitura osoa ordezkatu—, eta zenbait kale berriro hiritartzea: Harategi eta Satarka Alde Zaharrean, eta Portuan, Santiago kaleko azken zatia eta Arrantzale Auzoa —auzoko lanen 7. eta 8. faseak hurrenez hurren—.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend