Kepa Ordoki hil zela 25 urte

Gernika bataloia Kepa Ordoki

Gernika Batailoia 1945eko apirilean Soulac sur Mer-en (Frantzia). Irudiaren erdian ageri da Ordoki

1993ko azaroaren 28an hil zen Baionan Kepa Ordoki Vazquez gudari irundarra. 1936ko Gerran nabarmendu arren —San Andres batailoiko kapitaina izan zen—, batez ere erbestean egindakoengatik azaltzen da historia liburuetan. Eusko Jaurlaritzaren aginduz sorturiko Gernika batailoia gidatu zuen, Medoc frontean Carnot Brigadaren barruan nazien kontrako erresistentzian parte hartuz.

1945eko apirilean Gernika batailoiak alemaniarrak Pointe de Gravetik kanporatu zituen eta, ekintza hargatik, zilarrezko izardun Gerra gurutzea eman zioten Ordokiri. De Gaulle jeneralaren eskutik jaso zuen irundarrak saria, ikurrina ondoan zuela.

Etzi, asteazkenez, 25 urte beteko dira Ordoki hil zenetik. Hori horrela, eta irundarraren borroka ezagutarazi eta balorean jartzeko, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan taldeak ekitaldi sorta antolatu du. “Heriotzaren urteurrena, aitzaki ezin hobea da, Ordokiren bizia berreskuratu eta honen baitako oroimen ariketa bat garatzeko”, azaldu dute.

Hondarribian, Irunen eta Hendaian egingo dira jardunaldiak, bihar hasi eta larunbata arte. Kepa Ordoki MHB-k herritarrei deia luzatu diete, buruzagi antifaxistaren omeneko ekitaldietara hurbildu daitezen: “Oroimen historikoak eskatzen duen errespetua ezinbestekoa da herrien etorkizuna eta pertsona aske eta solidarioen garapenerako. Horregatik, Behe Bidasoko bizilagunak deitzen ditugu egiaren berreskuratze eta zabalpenean elkarrekin egoteko azaroak 27 eta abenduak 1 artean burutuko diren ekintzetan”.

Egitaraua

  • Bertsotan faxismoari aurre bertso emanaldi gidatua. Hilaren 27 (asteartea), 19:00etan, Hondarribiko Kultur Etxeko areto nagusian. 1936an, Behe Bidasoak eta Euskal Herriak jasandako altxamenduan zehar idatzi ziren bertsoak abestuko dira eta garaiko zenbait pasarte aipatu. Aitor Errazkin bertsolariak, Laida Oronoz kantariak eta Aritz Erasun eta Aitziber Arruabarrena trikitilariek girotuko dute emanaldia.
  • Gernika Batailoia, askatasun itxaropena dokumentalaren proiekzioa. Hilaren 29an (osteguna), 19:30etan, Irungo Palmera Montero gunean. Frank Dolosor kazetariak idatzia, berak aurkeztuko du. Faxismoaren kontra eta aliatuen alde borroka egin zuen euskal talde militarraren historia gogoratzen du.
  • Kepa Ordoki eta memoria historikoa solasaldia. Hilaren 30ean (ostirala), 19:00etan, Hendaiako Zokoburu eraikineko Hegoa gelan. Parte hartzaileak: Iñaki Egaña, Euskal Memoria Fundazioko Lehendakaria eta historialaria, eta Alberto Unamuno, Markina Xemeingo Ahaztuen Memoria elkarteko kidea.
  • Omenaldia. Abenduaren 1ean (larunbata), 12:30etan, Irungo Gernikako Arbolaren parean. Kepa Ordoki, eta bailaran askatasuna, demokrazia eta justizia sozialaren alde borrokatu duten pertsonak omenduko dituzte.
Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend