Igandeko herri galdeketarako, dena prest

Sinadurak biltzen ari da Hartu Hitza Irun galdeketa bermatzeko.

Azken hilabeteotan sinadura bilketa egin dute Hartu Hitza Irun galdeketa bermatzeko.

Urte luzeko lanaren ostean, Hartu Hitza elkarteko kideek jada dena prest dute datorren igandeko (hilak 18) herri galdeketarako. “Esfortzu, lan eta denbora asko ondoren azaroaren 18an ospatuko den Herri Galdeketa prest dago; orain irundarrei erantzutea tokatzen zaie”, adierazi dute taldetik.

Hala, 16 bozka gune izango dira, auzo guztietan: Pinar-Anzaran (Lucas de Berroa, 2), San Miguel (Basurko, 5), Anaka (Zubelzu,3), Belaskoenea (Piketa Zaharra, 28), Landetxa (Bizkaia, 15), Elitxu-Lapitze (Pio XII plaza), Larreaundi (Eguzkitzaldea 21-23), Alde Zaharra 1 (San Juan plaza), Alde Zaharra 2 (Urdanibia plaza), Arbes 1 (Arbesko errota, 5), Arbes 2 (Alzukaitz kalea, 13), Behobia (Endarlatza Hiribidea, 6), Artia (Pio Baroja 30-32), Dunboa (San Pedro plaza), Santiago-Beraun (Santiago, 51) eta erdigunea (Kolon ibilbidea, 32).

Ondorengoa da, igandean herritarrek erantzun beharko duten galdera: ‘Irundar gisa, nolako etorkizun politikoa nahi duzu gure herriarentzat?’. Hiru erantzun posible izango dira: ‘Euskal estatu burujabe eta independentea’, ‘Estatus politiko berri bat, Estatu espainiarren barruan’, edo ‘gaur egungo Euskal Autonomia Erkidegoa’.

Hartu Hitzatik jakinarazi dutenez, orotara, 292 boluntarioren laguntza izango dute. Eta bozkatzeko, ondorengo baldintzak bete beharko dituzte herritarrek: Irunen bizitzea eta 16 urte baino gehiago edo 16 urte izatea. Gainera, bozka guneetan Nortasun Agiria aurkeztu beharko dela gogoratu dute (pasaportea, gida baimena edo EHNA erakutsia ere aukera izango da).

Asteburu osoko jaia
Antolatzaileek definitu duten bezala, “historikoa” izango da igandekoa. Eta galdeketa borobiltzeko, erabakitzeko eskubidearen aldeko jaialdia antolatu dute. Larunbata eta igandean San Juan plazan hamaika jarduera eskainiko dituzte: gazteentzako ekintzak, barrikote eta parrillada, Go!azen telesaileko Asier Burguete eta LarruSketch youtuberraren emanaldia, Seco Selectah, Marmoka eta Sangre de Mono taldeen kontzertuak…

Igandean berriz, protagonismoa herritarrena izango da. Halere, bozka eman ostean ondo pasatzeko aukera ere izango da. ‘My dance studio’, joaldunak, Irunabar taldearen eskutik bertso saioa, Burrunba elektrotxaranga, Txan Magoa, Kemen Dantza taldearen emanaldia… Denetarik izango da igandean ere. Egitarau osoa, hemen.

9:00etan irekiko dituzte bozka guneak igandean, eta 22:00etan herri galdeketaren datu ofizialak emango dituzte (HITZA igandean Irunen izango da, eta egunean zehar herri galdeketaren inguruko informazio osoa argitaratuko du).

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend