Pinguinoak Euskal Herrian?

Oiasso Museoa

Klima aldaketari buruzko erakusketa prestatu du Oiasso Museoak.

Oiasso Museoak erakusketa berria zabalduko du Aldaketa klimatikoak historian zehar izenburupean. Gaurtik otsailaren 24ra arte egongo da ikusgai.

Historian zehar izan diren aldaketa klimatikoen berri emango dute. Besteak beste, duela 20.000-15.000 urte Euskal Herrian bizi ziren pinguino, elur-orein eta errinozero iletsuaren hezurrak ikus ahal izango dira. Hezur horiek hemen klima oso hotza zenaren adierazgarri dira.

Egun puri-purian dagoen gaia dela baliatuz, erakusketaren bidez egungo egoera hobeto ulertarazten lagundu  nahi dutela adierazi dute antolatzaileek, baita etorkizuna hobeto planifikatu eta konponbiderik ez duten egoerak saihesten ere. Oiasso museoa eta Arkeologi Bizkaiko elkartearen artean antolatu dute.

Antolatzaileen arabera, Lurra planetak denboraldi oso hotzak eta epelak izan ditu. Azkenengo glaziazioa duela 9.000 urte bukatu zen, eta, ondoren, Holozenoa edo denboraldi epela hasi zen —egun garai horretan gaude—. Edonola ere, Holozenoaren barruan ere izan dira klima aldaketak, eta Erromatar Inperioa erori zenean, garai oso hotza etorri zen. VIII.mendean, Europak izan zuen nekazaritza hazkundea garai epelarekin batera etorri zen, eta feudalismoaren krisia eta klima hotza ere batera etorri ziren.

Gauzak horrela, gizakiak garaietara egokitzen saiatu dira, eta hori ere erakusketan ikusteko aukera izango da.

Adituen arabera, egun aro berri baten atarian egon gaitezke, Antropozenoa deiturikoa non gizakiak berak aldatzen duen klima eta naturaren ordena. Horren erakusle dira Aizkorriko hondartzan labe garaietatik etorritako industria hondakinekin osatutako geruzak, adibidez.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend