Hemen, Beñat Muguruzak HITZAren papereko edizioarako, ‘Dena den’ bere atalean, joan den ostiralean egindako ekarpena:
Edo transbertsalitatea. Hitz luzeak biak, baina gehiago kexatzen gara euskal forma berri baina jatorxeagoa luzeegia delako, bestearekin ohituta gaudelako. Nahiz eta are luzeagoa izan erdaratik hartutakoa.
Duela bi aste ospatu zuten Euskal Idazleen III. Eguna Irungo CBA liburutegian, eta ez bat, ez bi, ez hiru; 21 idazle gonbidatu zituzten, ia denak emakumezkoak, beste emakumezko idazle batzuen testuak irakurtzeko. Musika ere emakume batek jarri zuen pianoaren laguntzaz. Dimentsio handiko ekitaldia, ospatzen zen egunarekin bat egiten zuena guztiz. Errebeldeak eta urratzaileak zioen afixak, zeinak lehentasun engainagarri bat ematen zion euskarazko testuari. «Emakume idazleren (sic) testu-zatien irakurketa, gaztelaniaz, euskaraz, galegoz eta katalanez».
21 testuetatik, 17 ziren gaztelaniaz, bi katalanez, eta bana galegoz eta euskaraz. Antza, Espainiako Estatu osorako obra-zerrenda bera proposatu zuen Espainiako Liburutegi Nazionalak, eta Irungo CBAk bere horretan ekarri zuen 21 piezako errepertorioa, ez zuelako Euskal Herrira egokitzeko inongo premiarik ikusi. Ez dakit, baina Madrilen Emakume Idazleen Eguna litzatekeenari, hemen Espainiako Emakume Idazleen Eguna deitu beharko geniokeela uste dut, gaizki-ulertuak saihesteko baino ez bada ere; batek espero zitzakeen Woolf, Némirovsky eta Brönte, baina halakoentzat ez zen tokirik.
Eta nola sartzen den dokierki gaztelania isil-isilik, oharkabean, txintik atera gabe, goxo; eta zer iskanbila deseroso eta astuna sortu behar duen euskarak nonahi bere txokoa bermatzeko
Itsusia litzateke, demagun, Euskal Idazleen III. Eguna ospatuko balitz, 22 gizon eta emakume bakarra gonbidatzea hitzordurako. 2019a ortzi-muga hurbil ikusten dugun honetan, onartezina litzatekeela ere esan genezake; salatuko genuke sare sozialetan, normala den bezala, eta eskandalizatuko ginateke lagunartean, horretara ere emanak baikara. Baina hain genero-diskriminazio nabarmenak gero eta urriagoak dira zorionez. Izan ere, feminismoak ondo ikasiak ditu lehen aipatu hitz luze horiek; bai zeharlerrotasuna, bai transbertsalitatea, eta baita intersekzionalitatea ere. Ondo ikasiak, eta gero eta gehiagotan egoera errealetan aplikatuak.
Kutsakorra da hitz luzeen afera, eta batzuk entzunda beste batzuk datozkit gogora: ikusezintasuna, mendekotasuna, deskontestualizazioa eta sasi-kultura-aniztasuna gogoratu zaizkit punpa-lasterrean. Eta perpaus oso batzuk ere bai. Esaterako, norbait arrotz sentitzea bere herrian; zeren hala sentituko bainintzen nire herrian 21 testutik euskarazkoa den bakarra nik irakurri behar izan banu.
Eta nola sartzen den dokierki gaztelania isil-isilik, oharkabean, txintik atera gabe, goxo; eta zer iskanbila deseroso eta astuna sortu behar duen euskarak nonahi bere txokoa bermatzeko. Lehenengoa neutroa beti, bigarrena inposatua gehienetan. Adibide honekin ere gogoratuko ahal naiz, erdaldun (edo euskaldun) sinesgogor bati hizkuntza gutxituen borroka zertan datzan azaltzen saiatzen naizen enegarren aldian.