Seikote erraldoi bat iristear da Irunera

Ondare

Ondare kultur elkarteak sei erraldoi berri aurkeztuko ditu larunbatean. (Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda)

Sekretupean dauzkate oraindik, ezkutuan. Larunbat honetan, ordea, argia ikusiko dute Ondare Kultur Elkartearen sei erraldoiek. Ez dira ezagutzen gauza asko eurei buruz. Alde batetik, izenak: Maite, Nicolas, Txema, Juncal, Lupe eta Joxe. Bestetik, Irungo historiarekin lotura izango dutela, Ondareren erraldoi eta buruhandien ildoari jarraituz. Azkenik, tamaina ezberdinak izango dituztela: bi handi, bi ertain eta bi txiki. Eta horraino irakur daiteke.

San Martzial Jaien aurretik ezagutu nahi dituenak hurrengo larunbateko ekitaldira joan beharko du, Amaia Kultur Zentrora. Gonbidapenak banatzen ari dira, eta arrakasta itzela lortzen ari da iniziatiba. Iñigo Mangas elkarteko kideak jakinarazi duenez, 495 eserleku erreserbatuta dituzte, eta kultur zentroak 600 eserleku ditu. Erreserba gehiago, beraz, ez dituzte egingo. Egun horretan bertan, ordea, gonbidapenak leihatilan jaso ahal izango dira. Dohainik dira.

«Ez genuen erraldoiak besterik gabe kalera ateratzea nahi. Erraldoiak jaietan erabiltzeaz aparte, Irungo historia ezagutarazteko erreminta bezala ikusten ditugu», adierazi du Mangasek. Hala, Bakarne Atxukarro Oskarbiko presidentearekin elkarlanean, ikuskizun bat egitea erabaki zuten.

Ikuskizun horretan erraldoiek errepresentatzen duten historia azalduko dute ikus-entzunezkoa, dantza, antzerkia eta erraldoiak elkartuta. «Irungo historian zeresana eman duten pertsona edo lanekin zerikusia izango dute», aurreratu du Mangasek. Ildo horretatik, helburua ez da ikuskizun horretara mugatzea: ikastetxeetan eta euren egoitzan bertan ere aurkezpenak egiteko asmoa dute.

Orain arte dituzten erraldoiak generala eta kantinera, batetik, eta Luis Mariano, bestetik, dira. Buruhandiei dagokionez, San Martzial batailan parte hartu zuten soldaduak dira, Pedro Irizar, soldadu frantses bat eta soldadu aleman bat.

Identitateak zehaztuz
Mangasen arabera, erraldoiek Irungo historia errepresentatzea nahi zuten, eta helburu horretan lan egiteko hainbat bilera egiten hasi ziren duela bi urte, ideiak bilatuz. Galdeketa moduko bat egin zuten ingurukoen artean Irun esanda burura zein pertsona etortzen zitzaien jakiteko. Azkenik, sei erraldoi horiei forma eta identitate bat ematera iritsi ziren, gaur arte.

Erraldoiak egiten Esku Artean Iruñeko enpresa ari da. Hain zuzen, Atsegiña elkarteko zortzi erraldoiak ere enpresa berak berritu ditu —80 urte dituzte, eta aurtengo jaietan bik erorita kalteak jasan ondoren, berritzea erabaki dute—. «Euren esku utzi dugu prozesu guztia, eta oso gustura gaude emaitzarekin», aurreratu du Mangasek. Whatsapp bidez ari dira erraldoien eraikitze prozesu osoa jarraitzen, eta «oso-oso politak» geratu direla iritzi dio kultur elkarteko kideak. Martxoan enkargatu zituzten, eta larunbat honetan bertan iritsiko dira Irunera. Proiektu guztiak 30.000 euro kostatu ditu.

Datorren urtera begira, erraldoi gehiago ateratzeko ideia gehiago ere badituzte: erromatarrak, Porcelanas Bidasoa, Real Union, Bidasoa… Hori bai, oraindik ezin da ezer aurreratu, besteak beste, dirua lortu behar dutelako. Horren arabera egingo dituztela aurreratu dute.

Erraldoiak, ugariago
Irunen erraldoi eta buruhandien hiru konpartsa daude: Atsegiña, Bidasoa txaranga eta Ondare. Datorren urteko jaietan, hiruren artean, guztira, 29 erraldoi eta 28 buruhandi batuko dituzte. Mangasek jakinarazi duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan erraldoi gehien dituen hiria da Irun. Erraldoi eta buruhandien kopuruarekin koherentzian, irundarrek ere haien desfileak bizi dituztela iritzi dio Mangasek: «Sanmartzialetan hiru konpartsak batera ateratzen garenean, kaleetan jendea gugana inguratzen da».
Gainera, hurrengo sanmartzialak berritasunez beteta etorriko direla aurreratu du Ondareko kideak: «Atsegiñak zortzi erraldoiak berrituta izango ditu, Bidasoko txarangak 28 urte beteko ditu, guk konpartsa osatua izango dugu. Beraz, erraldoi eta buruhandien inguruan ekitaldi asko izango ditugu».

Beste jaiak
Erraldoi eta buruhandien konpartsaz aparte, Ondare Kultur Elkarteak hainbat ekintza egiten ditu. Inauterietako sardinaren ehorzketan parte hartzen dute. Mangasen azaldu duenez, garai batean, Izoki elkarteak eramaten zuen horren antolakuntza, baina jaiari buelta eman eta birpentsatzeko garaia iritsi zen. Hala, duela hiru urte Ondare hasi zen bultzada ematen. Horrez gain, Errege Magoen desfilean parte hartzen dute: «Txu-txu trenarekin hasten dugu desfilea, eta azkeneko karrozarekin bukatzen dugu». Errege bezperan ere harrera pisuetara joaten dira han dauden haurrei bisita egitera errege eta pajeekin.

Azkenik, Ipuin bat, irribarre bat proiektuan murgilduta dabiltza. «Umeen gaixotasun arraroen inguruko lana da, eta ipuin kontaketak egiten ditugu», adierazi du Mangasek. Ez dira geldirik egoten Ondarekoak.

Ilustrazioa osorik

Ondare

Ondare kultur elkarteak sei erraldoi berri aurkeztuko ditu larunbatean. (Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda)

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend