“Zubietako munstroa” ez elikatzeko eskatu du Abotsanitzek

Abotsanitz Txinzer

Igor Enparan eta Ortzi Alonso, gaurko agerraldian

Hondarribiko Abotsanitz Herri Batzarrak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean, Txingudiko Zerbitzuak (Txinzer) erakunde publikoak hondakinen nahiz uraren gainean darabilen politika arbuiatzeko. Oposizioko lehen taldeak dituen hiru zinegotzietatik bik hitz egin dute kazetarien aurrean, Ortzi Alonsok eta Igor Enparanek. Biek, “bestelako norabide bat hartzeko” eskatu diote Txinzerri.

Hiri hondakinei dagokionez, Hondarribian eta Irunen lortu den %48ko birziklatze tasa “datu txarra eta kezkagarria” dela esan du Alonsok. “Erdia baino gehiago zabortegietara” doala salatu du Abotsanitzeko kideak: “Urtero 22.000 kilo botatzen ari gara zabortegietara. Norbanakoaren ardura dago, noski, baina ardura administratiboa ere zuzendu behar da, eta kudeaketa egokia eginez gero, 4 tona sortuko genituzke, 22ren ordez”. Hala, birziklatzearen aldeko neurriak eskatu ditu Alonsok, eta aurten bi hirietako haur parkeetan, zaborrontzi sailkagarriak jarri ordez, soilik plastikoa bereizteko ontziak jarri izana kritikatu du.

Abotsanitzeko kidearen ustez, hiri hondakinen kudeaketa horren atzean Gipuzkoako Hondakinen Konsortzioak babesten duen Zubietako errauste planta dago. Txinzerrek berak komunetik oihaltxoak ez botatzeko kanpainan erabilitako leloari men eginez, “ez dezagun Zubietako munstroa elikatu”, zuzendu zaie Alonsok Txinzerreko arduradun politiko nahiz teknikoei.

Domiko lehenago ixteko eskaria
Uraren kudeaketaz mintzatu denean, Txinzerrek egindako kudeaketan argi-ilunak ikusi ditu Alonsok: “Inbertsio egoki batzuk egiten ari dira, euri urak eta ur zikinak bereizteko, eta abar, baina inbertsio guztiak ez dira egokiak izan”. Ilunen artean, Jaizkibelgo ponpeez mintzatu da Alonso.

Hasteko, 2007an inbertsio hori egin zenean “datuak desitxuratu” zituela nabarmendu du, egun azpiegitura hura justifikatzeko eman ziren kontsumo datuen erdia jasotzen ari direlako. Hori horrela, Jaizkibelgo ponpak martxan jartzeko beharrik ez dagoela ziurtatu du: “Udararen aurretik Domiko kanala etetea eskatzen dugu, ur horrekin San Anton urtegia betetzeko, Jaizkibel mendi barruko urak erabili behar ez izateko”.

Isuria jaietan
Gaurko agerraldia bukatzeko, irailaren 10ean Zumardia inguruan errekara kontrolik gabeko isuria egin zela salatu du Enparanek. Kontatu duenez, herritar baten deiaren berri izan zuen Abotsanitzek egun horretan eta, Txinzerren galdetuta, “Txinzerrek berak egindako lan batzuen bueltan” izan zela isuria erantzun zietela erantsi du, “baina isuria inertea zela”.

Enparanek gogor kritikatu du jasotako erantzun hori: “Erreketara botatzen diren isuriak inoiz ez dira inerteak, beti eragin bat izaten dute habitatean”. Bere ustez, enpresa publikoaren “kontrol eta kudeaketa faltaren beste adibide bat” da gertatutakoa, eta herritarrei eskatu die horrelako egoeren aurrean 112 telefono zenbakira deitzeko.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend