Korrokoitzeko borroka

Alde zaharra

Korrokoitz ingurua.

Dimisio eskaera bat eta zentsura mozioa ditu Jose Antonio Santano Irungo alkateak ingurumarian. Korrokoitzeko ikerketa batzordearen ondorioak baliatuta, mahai gainean jarri du EAJk dimisio eskaera, eta zentsura mozioa defendatzen dute, berriz, SPI eta EH Bilduk. Oraindik ikusteko dago zer gertatuko den, PSE-EEk ez baitu oraindik adierazpenik egin, eta EAJk ere ez du argitu zentsura mozioa babestuko lukeen ala ez.

Irailaren 28ko udalbatzarrean onartu zituzten Korrokoitzeko ikerketa batzordearen ondorioak EAJ, SPI eta EH Bilduren aldeko botoekin. Bertan ondorioztatzen da alkateak urtarrilean egindako adierazpenetan Xabier Iridoy jeltzalea Hirigintza zinegotzi zela egindako kudeaketan irregulartasunak egon zirela iradoki zuela, eta hitz horiek «fede txarrez» egin zituela. Horrez gain, txosten horrek ez du zantzurik aurkitu Iridoyren kudeaketa «irizpide teknikoren araberakoa» izan ez zela frogatzen duenik.

Aurretik, ikerketa batzordean atera zen aurrera txosten hori, SPIk proposatuta. Testu horrek  atzera botatzen zuen Muriel Larrea (PP) ikerketa batzordeko presidenteak egindako ondorioztapena. Haren ondorioak beste norabide batean zihoazen: batetik, Iridoyk ez zuela txosten teknikorik aurkeztu, eta horrenbestez, ez zuela udaleko irizpide teknikoen arabera jokatu. Alkatearen adierazpenak, beraz, egiazkoak izan zirela jasotzen zuen presidentearen dokumentuak.

Udalbatzak onartutako ondorioak eskuan, EAJk alkatearen dimisioa eskatu zuen «ardura politikoagatik eta herritarrenganako arduragatik». Talde jeltzalearen arabera, «oso larria da horrelako iradokizunak egitea, eta gaitzespen politikoa» jaso beharko luke.
Urtarrilean PSE-EE eta EAJren gobernu haustura gertatu zenean, SPI eta EH Bildu zentsura mozioaren aukerez mintzatu ziren, eta, orain, EAJren dimisio eskaerak aukerak sor ditzake hori aurrera eramateko. Edozein modutan, EAJk ez du zentsura mozioa babestuko lukeen ala ez adierazi, eta dimisio eskaera berretsi du.

Bestalde, zurrunbilo horren erdian ez Santano alkateak ezta talde sozialistak ere ez dute adierazpenik egin plenotik kanpo. Han Miguel Angel Paez talde sozialistako bozeramaileak oposizioko udal taldeei «alkatearen burua nahi izatea» leporatu zien.

Iridoy zinegotzi zela Korrokoitz eremuaren gainean adostasuna lortu zutela iragarri ondotik harrotu dira hautsak, nahiz eta aurretik ere baziren udal gobernua osatzen zuten bi taldeen artean desadostasunak.

Kronologia

  • Urtarrilak 12. Xabier Iridoy (EAJ) Hirigintza zinegotzi zela Korrokoitz eremurako Plan Berezia iragarri zuen, jabe pribatuekin akordio batera iritsi ondoren.
    Urtarrilak 12. Iridoyk iragarpena goizean egin, eta arratsaldean, Miguel Angel Paez (PSE-EE) Ogasun zinegotziak esan zuen Korrokoitzerako Plan Bereziaren gaineko behin betiko akordioa lortu aurretik, txosten teknikoak behar direla. Ordezkari politikoak «arinegi» ibili izana egotzi zion gobernuko kideari.
  • Urtarrilak 23. Jose Antonio Santano alkateak Iridoy kargutik kendu zuen, eta ika-mika sortu duten adierazpenak egin zituen. Harengan «konfiantza osoa» galdu zuela esan zuen, eta karguan ezin duela zuela mantendu «ikerketarik teknikorik gabeko akordioa egin duela onartzen duena». Honakoa gaineratu zuen ere: «Akordioak ikerketa eta txosten teknikoen arabera hartzen dira. Beste era batera jarduteak arazo larriak ekar ditzake, eta hori hiri honetan ez dut onartuko».
  • Otsailak 9. EAJk auzitegietara jo zuen,  Santanok egindako adierazpenak salatzeko.
  • Otsailak 21. SPI eta EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuten Korrokoitzeko auzia aztertzeko ikerketa batzorde bat sortzeko. Apirilaren 25an onartu zuen Udalbatzak.
  • Apirilak 12. Santanok eta Iridoyk Irungo auzitegian deklaratu zuten. Kointziliazio ekitaldia izan zen, baina ez zuten akordiorik lortu.
  • Maiatzak 18. Korrokoitzeko ikerketa batzordearen lehen saioa egin zuten. Beste lau saio eduki zituen.
  • Irailak 18. Korrokoitzeko ikerketa batzordearen ondorioak onartu zituzten EAJ, SPI eta EHren botoekin.
  • Irailak 28. Udalbatzak onartu zuen batzordean aurrera ateratako testua.
  • Urriak 1. EAJk alkatearen dimisioa eskatu zuen.

Alkatearen jarrerak ondorio politikoak behar ditu

Xabier Iridoy (EAJ)

Bizi izan dugun ibilbide latz honetan garrantzitsuena da alkateak irundarrei kriston ziria sartu diela, gezurretan ibili dela eta hori gaitzestekoa da, herrian ni egiten ari nintzen lanaren gainean ustelkeria zurrumurruak zabaltzen hasi ziren. Ni ustez, honekin guztiarekin alkateak egin nahi izan duena da susmoak eta zurrumurruak zabaltzeaz gain, Irunen norbaitek ondo ezin duela egin bera ez bada. Alkateak bere interes propioak boterean mantentzeko manipulazioa erabili du.
Horrek ondorio politiko batzuk behar ditu, Irunek ez du merezi horrelakoetan dabilen alkate bat edukitzerik. Horregatik eskatu dugu haren dimisioa,baina oraindik ez dugu erantzunik izan, horren zain gaude. Handik aurrera ikusiko dugu zer gertatuko den, erantzunaren arabera aztertu beharko da zeintzuk diren hemendik aurrera eman beharreko pausoak.

Mahai pribatuan konpondu zitekeen zerbait izan da

Miren Etxebeste (Ahal Dugu-Podemos)

Ikusi dugunez, alkateak bere gobernuko kidearen kontra egin zituen salaketak ez ziren egokiak, eta lekuz kanpo zeuden. Ikerketa batzordeak argi utzi du EAJko ordezkariaren mugimenduak zuzenak zirela, ez zuela legez kanpoko ezer egin. Agian, garbi egin ez zuen gauza bakarra izan daiteke bere gobernuko kideari jakinaren gainean ez jartzea. Hori, ordea, mahai pribatu edo edozein bileretan konpondu daitekeen zerbait dela uste dugu.
Guk zentsura mozioaren alde egin dugu, eta EAJk, berriz, dimisioa eskatu du. Ados, baina nik galdetuko nioke EAJri alkatearen erantzunik jasotzen ez badu, zein izango den bere erantzuna. Gure pausoa zein den garbi daukagu: alkateak ez badu bere erantzukizuna hartzen eta PSE-EEk ez badu egoera zuzentzen, zentsura mozioa da bidea. Izan ere, gure ardura da oposiziotik egoera zuzentzea.

Ustelkeria susmoak Hirigintza arloari botatzea larria da

Jokin Melida (EH Bildu)

Ondorioak oso argiak izan dira: batetik, alkateak fede  txarrez jokatu duela, eta hori politikoki gure taldeari onartezina iruditzen zaio. Bestetik, ikusi dugu Iridoyk ez zuela legez kanpoko ezer egin. Beste kontu bat da ez zuela jokatu behar adinako gardentasunarekin, baina hori ez da batzordean epaitu dena. Larria dena da Hirigintza arloaren gainean ustelkeria susmoak botatzea. Hori dena Iridoy eta alkatearen lehiakortasunaren ondorioa izan da. Ikusi dugu EAJ-PSE akordioek nora garamatzaten.
Hasieratik esan dugu gehiengo alternatiboak dauden momentua baliatu behar dela. Horregatik, gobernu haustura eman zenean, estrategia hori aurrera eramatea erabaki genuen. Bide hori SPIrekin batera egin dugu, eta orain fitxa mugitzea EAJri tokatzen zaio, berak dauka giltza. Hala ere, pauso hori ezin da asko luzatu denboran, datozen asteetan eman behar da.

Barregarria da denbora eta baliabideak horretara bideratu izana

Muriel Larrea (PP)
Ez dut ulertzen zergatik SPI eta EH Bildu EAJren atzetik joan diren; azkenean, 20.000 euro gastatu ditugu ezertarako. Garrantzitsua al da jakitea alkateak edo Iridoyk fede onez jokatu zuen? Barregarria da denbora eta baliabideak horretara bideratu izana. Korrokoitzeko bizilagunei irtenbiderik eman zaie? Ez.
Alkatearen adierazpenak eta Iridoyk Korrokoitzekin egin duena ziren aztertzeko elementuak. Esan ezin ziren gauzak esan zituztenak izatekotan, talde sozialistako kideak izan ziren; ez, alkatea. Iridoyk, berriz, batzordean irakurri ez zen akordio bat iragarri zuen, eta txostenak falta zitzaizkion. Ni ikerketan zehaztu den objektuaren ondorioak ateratzera mugatu naiz bakarrik.
Zentsura mozioa planteatzea ere joko politiko bat da, eta ez da aurrera aterako. Udalean ez gaude ego borroketarako, lanerako baizik.

Iridoyk Korrokoitzen egindako kudeaketa oso larritzat jo du PSEk

PSE-EEren udal taldeak ez du bat egiten Udalbatzaren gehiengoak onartutako txostenarekin, eta Iridoyk ez zuela udal irizpide teknikoen arabera jokatu adierazi du, «akordio bat iragarri zuen, hori ziurtatzen zuten txosten teknikoen faltan». Horrez gain, «Kode Etikoa ez zuela bete» iritzi dio, «gardentasun printzipioa urratu zuelako». Horrenbestez, Iridoyk Hirigintza zinegotzi gisa egindako kudeaketa «oso larria» dela eta «gaitzespen politikoa» jaso beharko lukeela esan du.

Zehazki, jeltzaleak Korrokoitzi buruz aurkeztutako akordioak «hainbat hutsune» zituela azaldu du, eta horietan «interes pribatuak» defendatzen zirela, «interes orokorra beharrean». Hori guztia kontuan hartuta, Santanoren adierazpenak gertakariekin bat zetozela gaineratu du.

«Irudia zikintzeko asmoa»
Oposizioko hiru taldeek ikerketa batzordea Santanoren «irudi ona zikintzeko asmoarekin» sortu zutela esan du, eta «alkatearen burua» lortu nahi dutela. Batzordea fartsatzat jo du, «udaleko nahiz jabe pribatuen aldeko teknikoek parte hartu ez dutena». Azkenik, EAJk alkatea hitzez erasotu dutela salatu du, eta adierazpen horiek «zigorgabe» geratu direla.
Hitza alkatearekin jarri da harremanetan eta ez du adierazpenik egin nahi izan, ezta talde sozialistako inork ere. Udal talde gisa egin dute balorazioa.

Asier Martin: “Botoak irabazteko erabili dute arazoa”

Udalean sortu den zurrunbilo honen erdian, Korrokoitzeko bizilagunak daude. Ika-mika guztia ikusle gisa bizitu dutela aipatu du Asier Martin 9. zenbakiko bizilagunak: «Urtez urte luzatzen ari den arazo bat erabili dute botoak irabazteko, guri irtenbiderik eman gabe». Hala, Jose Antonio Santano alkatea eta Xabier Iridoyren artean sortutako tira-bira «egoen arteko talka» izan dela uste du.

Edonola ere, EAJk Hirigintza arloa hartu zuenean, zerbait aldatu zela adierazi du Martinek: «PSE-EE agintean egon denetik gestio eta interes falta erakutsi du, eta orain, behintzat, zerbait berria ikusi dugu». Iridoy prozesu honetan denean «parte aktibo» izan dela azaldu du, eta promotore pribatuak erakartzeko lanean ibili dela: «Iridoyk berak esan zigun legegintzaldi honetako erronka garrantzitsuenetako bat Korrokoitz martxan jartzea zela». Horrek guztiak arazoa mahai gainean jartzeko balio izan duela onartu du, «baina intentzionalitatea ahaztu gabe».

Berririk gabe
Hautsak harrotu zirenetik ez dute udalaren berririk izan, eta gaia geldituta dagoela iritzi dio: «Santanok denbora bat utzi beharko du berak medaila jarri ahal izateko». Hala ere, PSE-EEk gaiari heltzea, eginda dagoen lana baliatu eta akatsak zuzenduz aurrera ateratzea nahiko lukeela azaldu du.

Gai honetan bi borroka dituztela adierazi du Martinek: batetik, Alde Zaharra «behingoz» berritzea, eta, bestetik, 9. zenbakiko bizilagun gisa dituzten eskaerak. Oinarrizkoena lehen pisuan bizi ziren bikote helduari alokairua kendu eta etxebizitza bat eskaintzea dela iritzi dio: «Ezer gabe geratu dira, eta beste etxebizitzetakoek izango dituzten eskubide berberak izatea eskatzen dugu». Horrez gain, gogora ekarri du 9.zenbakiko eraikina hondamen egoeran dagoela, eta Santanok eraisteko gastuak promotoreen esku jarriko lituzketela hitz eman arren, oraindik paperetan zehazten dela euren esku dagoela horien kargu egitea.

Martinen arabera, denborak zer dioen ikusi nahi dute, eta, ondoren, berriro bere eskaerak egiteari ekingo diotela iragarri du.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend