Baso naturalak berreskuratzeko “aukera historikoa” baliatzeko eskatu dute

pinudia

Pinudia (Irudia: Gonzalo Sagarna ARC, Twitter)

Intsignis pinua gainbeheran da onddoen gaitzen eta bestelako patologien ondorioz. Hala, Bidasoaldeko Lagunek espezie exotikoen gehiegizko erabileraren aurrean, zuhaitz naturalak berreskuratzeko deialdia egin du.

Mendien gainean, ordea, “mehatxu berriak” sortzen ari direla adierazi dute, hala nola, espezie inbaditzailea den eukaliptoa. Orain, Gipuzkoan, Bizkaiko baso-eredua “klonatu” nahi dutela esan du, eta intsignis pinuaren desagertzearekin lotuta beste espezie exotikoen landaketa masiboaz ere ohartarazi du, Douglas izeia, sekoiak eta kriptomeria.

Bidasoaldeko Lagunen arabera, “ekologismoak hamarkadetan lortu ez duena” gertatzen ari dela intsignis pinuarekin, baina baso agertoki berrian lurzoru publikoaren zaintza bermatzea ezinbestekotzat jo du, “egur-ustiapen komertzialaren biktima berriro izan ez daitezen”.

Talde ekologistak gogorarazi duenez, baso naturalen (hariztiak, pagadiak, baso mistoak, artadiak,…)  %75 desagertu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 723.000 hektareatatik.

Baso naturalak zaintzeko sei neurri proposatu ditu Bidasoaldeko Lagunak taldeak: arlo interesatu guztien parte hartze plurala bermatzea, indarrean dagoen legedia betetzea, Natura 2000 sareko eremu guztian baso naturalak ezartzea, ingurumenaren aurkako diru laguntzak ezabatu eta baso politika berria martxan jartzea, baso jabe pribatuentzat diru laguntza emendatzea baso naturalak berrezartzeko, eta, azkenik, baso eremu publikoan baso naturalak berreskuratzea.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend