Kontsumoa murrizteko, eta berriztagarrietara jauzi egiteko

Energia Azoka aurkezpena

Udaletxean aurkeztu dute bihar Hondarribian egingo den Energia Azoka

“Nola gastatu dezaket gutxiago argi fakturan? Zer egin dezaket energia aurrezteko? LED lanparak aldatu behar ditut, baina nolakoak behar ditut? Zenbat eguzki-plaka karri beharko nituzke ura berotzeko?” Galdera hauen eta beste askoren erantzuna ezagutzeko aukera izango da bihar Hondarribiko Damarri inguruan. Energia Azoka muntatuko dute bertan, 10:00etatik 14:00etara. Usurbilgo Lanbide Eskolaren ekimena da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuarekin eta tokian tokiko udalekin probintzia bisitatzen ari dena.

Gaur aurkeztuko dute Hondarribiko udaletxean, eta bertan izan dira Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua, eta Isidro Zaldua Usurbilgo Lanbide Eskolako zuzendaria. Alkateak aurreratu duenez, kezkak argitzeko balioko du biharko jardunaldiak: “Gauza asko suposatutzat ematen ditugu, ez ditugu kuestionatzen. Bihar ukitzeko, ibiltzeko, erabiltzeko aukera izango dugu, azalpenak jasotzeko”.

Energia Azokaren helburua herritarrei energia garbiaren eta eraginkorraren arloan dauden ezagutza eta teknologiak gerturatzea da, gailu errealez baliatuta. Asensioren hitzetan, “berriztagarrietan egungo teknologia ezagutzeko aukera izango da”, eta zehaztu du: “etxean aplikatu daitezkeen teknologiak”. Hala, esaterako, elektrizitate faktura eramaten duenari, faktura hori ulertzen lagunduko diote, eta tarifa egokia ordaintzen ari ote den jakingo du.

Aldundiko teknikariez gain, Usurbilgo Lanbide Eskolako irakasleek ere jardungo dute azalpenak ematen, uneoro zalantzak argitzen, eta 11:30ean eta 12:30ean bisita gidatua eginez. Formazioa da Usurbilgo Lanbide Eskolaren xede nagusia, baina Zalduak onartu duenez, gabezia bat antzeman zuten duela urte gutxi: “Formazioa garrantzitsua da, baina formazio hori zabaldu behar da, eta konturatu ginen gure lana ez zela modu egokian iristen”. Eta Energia Azoka sortzea erabaki zuten.

Azoka horretan, energia berriztagarriei lotutako informazio praktikoa erakusten eta zabaltzen dute: Efizientzia energetikoari lotutako gailuak, mikrosareak, kontsumo neurgailuak, eguzki plaka fotoboltaikoak eta termikoak, biomasa galdara, aerotermia, LED argiteria, tenperatura baxuko berogailuak…… Esaldi batekin laburtu du Zalduak Energia Azokaren helburua: “Berriztagarrietara aldatu aurretik, murrizketan sakondu behar da”. Hori da bihar Hondarribiko Damarri ingurura hurbiltzen duenak eskura izango duena, teknologia konbentzionalak eraginkorrago erabiltzeko gomendioak, batetik, eta ingurumenari kalte gutxiago egiten dioten teknologietara modu egokian jauzi egiteko aukera, bestetik.

Haurrentzako tailerra
Haurrekin ere gogoratu dira Usurbilgo Lanbide Eskolakoak Energia Azokan zer erakutsi erabakitzerakoan. Hala, dagoeneko Gipuzkoako beste hainbat herrietan egin izan duten bezala, Hondarribiko haurrek eguzkiaren indarrarekin argitzen den etxetxo bat eraikitzeko aukera izango dute bihar.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend