Irungo Harrera Sarea deiturik, aldarrikapen hamaiketakoa egin dute goizean udaletxe parean. Jendetza bildu da, 'Harrera duin eta integrala' lelopean.
Gaurko aldarrikapen hamaiketakoaren irudia.
Irungo Harrera Sarea deiturik, aldarrikapen hamaiketakoa egin dute goizean udaletxe parean. Jendetza bildu da, ‘Harrera duin eta integrala’ lelopean. “Honezkero bi hilabete igaro dira baztertze egoeran dagoen kolektibo honekiko erakundeek erakutsitako erabateko indiferentzia salatu genuen lehenengo egunetik”, adierazi dute bertan. Ordutik, erakundeek “neurri eskasak” hartu dituztela salatu dute, eta orain, neurri horiek gogortu egin dituztela. Bitarte horretan, migratzaileen etorrera “etengabekoa” izaten ari dela adierazi dute.
Penintsulan 30 egun baino gehiago daramatzatenei aterperako sarbidea ukatzen dietela gogoratu dute. Aterpe horietan gaua pasa ahal izateko, poliziak emandako kanporatze-agindua eskatzen diete Afrikatik iritsitako migratzaileei, eta ondorioz, asko kanpoan geratzen direla salatu dute harrera saretik. Are gehiago. Askok Lakaxitan gaua eta eguna pasatzen duten bitartean, Martindozenean 40 plaza huts baino gehiago daudela jakinarazi dute.
Aterpetxea kudeatzen duen Gurutze Gorriak hiru egun baino gehiagoko egonaldiak debekatu dituela adierazi dute, baina halere, Erakundearteko Mahaiak atzo bertan gehieneko egonaldia bost egunetara luzatu duela. “Oraingoan hartutako erabakia betetzea espero dugu”. Bestalde, aterpeko “ordutegi zorrotzak” direla eta, eguneko zatirik handiena kalean pasatzen dutela diote saretik, eta ondorioz, migratzaileen beharrak Lakaxita gaztetxeak asetu dituela.
Osasun arreta
Egun Irunen osasun arazo larriak dituzten zenbait migratzaile daudela gogoratu dute, eta ez dutela inolako segimendurik. “Gainera, ez dago horretara bideratutako azpiegituren eta zerbitzuen berri ematen duen bitartekorik, sareak egiten du segizio edo laguntza lan hori ere bai”.
Horregatik guztiagatik, Erakundearteko Mahaiari bitartekoetarako sarbide eta egonaldirako baldintzak molda ditzala eskatu diote. “Baliabide nahikoak daude migratzaileentzat, baina alferrik galtzen ari da”, salatu dute. Hala egingo ez balitz, Irungo Udalari Erromesen Aterpe zaharra moldatzeko eskatuko diote, Martindozeneatik kanpo geratzen direnei bideratua. Gainera, baztertze arriskuan dauden kolektibo zaurgarrienen alde egin dezala exijitu diote. “Ez dugu ulertzen probintziako bigarren hiri handienak nolatan ez duen oraindik kalean dagoen jendea, edozein duela jatorria, hartzeko bitartekorik”. Amaitzeko, inklusio politikak martxan jartzea eskatu diote udalari, harrera duina eta integralaren alde lan egitea.
Jendetza bildu da udaletxe parea.