Ostiralean jarriko dituzte ikerketa batzordeko ondorioak mahai gainean. Bitartean, PP eta SPIk euren irakurketa propioa kaleratu dute.
Korrokoitz ingurua.
Korrokoitz auziak oraindik darrai. Azken hilabeteotan, ikerketa batzorde bati eman diote hasiera, Santano alkateak Hirigintza ordezkari ohi Xabier Iridoyri egindako adierazpenak frogatzeko asmoz. PPko ordezkari eta era berean auziko ikerketa batzordeko presidenteak jakinarazi berri duenez, talde politiko guztiei ondorioen proposamena entregatu die, eta datorren ostiralean jarriko dituzte mahai gainean, batzordeko azken saioan hain zuzen ere (orduan onartu beharko dute, ondoren, udalbatzan eztabaidatzeko).
Larreak adierazi duenez, batzordean “alkatearen adierazpenak gertaeren errealitatearekin bat etortzen diren eta Xabier Iridoyren jarduketa udaleko teknikarien irizpideekin bat etortzen diren” ikertu dute. Informazio guztia ikertu ostean, honako ondoriora iritsi da ikerketa batzordeko presidentea: “frogatua geratu da alkateak Iridoy kargugabetu zuela konfiantza faltagatik, eta frogatu da inoiz ez dela Iridoyk lortutako akordioa bermatuko zuen txosten teknikorik existitu”. Hala, udal teknikarien irizpideen arabera lan egin ez izana leporatu dio jeltzaleari Larreak.
SPIren balorazioa
Irungo Si Se Puede taldeak ordea, ikerketa batzordearen ondorioen inguruko balorazio erabat ezberdina egin du. Talde moretik diotenez, ez dago frogarik Iridoyk udal teknikarien txostenetatik at lan egin zuenik.
Era beran, Jose Antonio Santanori ondorengo mezua luzatu nahi izan diote: “alkateak ez du fede onez jokatu bere adierazpenetan, ez zetozen errealitatearekin bat, eta nabarmen geratu da Korrokoitz inguruko kudeaketan susmo belo bat bilatzen zuela”.