Musika, margoketa edota bestelako adierazpen artistikoak elkartuko dituzte egun osoko programan, beti muga eta ibaiari erreferentzia eginez.
Gaurko aurkezpenaren irudia.
Irungo udaleko Kultura saileko Juncal Eizaguirre ordezkariak jakinarazi berri duenez, datorren larunbatean (hilak 22) egingo dute aurtengo Ribera programa. Hirugarren edizioaren aurkezpenean, ordezkariarekin batera, Bitamine Faktoriako Carlos Sanchez, eta azken bi edizioen garaile Mikel Huarte eta Heidi Otaduy izan dira.
“Arte garaikidearen bitartez Bidasoa ibaia eta memorioa historikoaz hitz egiten duten egitasmo guztiak elkartzeko asmoarekin sortu zen Ribera programa”, adierazi du Eizaguirrek. Iazko edizioaren inguruko balorazio oso positiboa egin dute antolatzaileek, eta zalantzarik gabe, errepikatzea erabaki dutela.
10:00etan hasi eta 16:00etan amaituko dute egun osoko programa. Hala, musika, margoketa edota bestelako adierazpen artistikoak elkartuko dituzte, beti muga eta ibaiari erreferentzia eginez. Santiagotarrak elkartearen egoitzaren inguruan egingo dituzte jarduera gehienak, baina halere, ibai osora zabaldu nahi dute egitasmoa. Horretarako, ‘Kontakizunak pedaletan’ paseo berezia egingo dute. Gainera, ‘Memoriaren paretak’ egitasmoa ere egingo dutela jakinarazi dute.
Ribera bekak
Era berean, Ribera beken aurrerapentxo bat eskainiko dute larunbatean. Heidi Otaduy eta Mikel Huartek ‘¿Algo que declarar?’ dokumentalaren aurrerapena proiektatuko dute, Santiagoko auzo elkartean (12:30ean).
Gainera, Ivan Gomez eta Iraitz Agirreren bigarren bekaren aurrerapen bat ikusteko aukera ere izango da. Skate park inguruan instalazio berezia jarriko dute, Faisaien uhartearen inguruko argazkiekin.
Udaletik jakinarazi dutenez, CBA liburutegian aurkeztuko dituzte beken emaitza guztiak, datorren urrian (data oraindik zehazteke).