Txinzer, udala eta txosnak serio jarri dira jai garbien alde

Jai garbien alde

Serrano, Altuna eta Gonzalez, atzoko agerraldian

Hondarribiko garbiketa zerbitzuak prest dute dena jaiei hasiera emateko. Aurreko urteetan bezala, giza baliabide eta baliabide teknikoak handitu egingo dira jai garbi eta jasangarriak lortzeko.

Atzo eman zuten jaiei begira garbiketa zerbitzuetan ezarriko diren errefortzuen berri, Benta zaharrean. Juan Mari Altuna eta Maria Serrano, hurrenez hurren Zerbitzuetako eta Herritarrekin harremanetarako zinegotziak, eta Valentin Gonzalez Txingudiko Zerbitzuetako (Txinzer) Hondakin eta Kale Garbiketa departamentuko zuzendaria ordezkaria bertan izan ziren. Azaldu zutenez, %70 inguruko errefortzua izango du garbiketa zerbitzuak Hondarribiko jaietan. Pertsonalean, egunaren arabera, 30 langile arte ariko dira kaleak garbitzen, ohiko 18ak baino hamabi langile gehiago.

Hiri garbiketa zerbitzuaz gain, hondakin kopurua murrizteko eta birziklapena errazteko neurriak hartuko ditu Txinzerrek. Besteak beste, txosnetan berrerabili daitezkeen edalontziak banatuko dira, gaikako bilketa egiteko puntu bereziak ezarriko dituzte eta garbitzaile brigada berezi batek lurretik jasoko ditu ontzi eta beirak horiek birziklatu ahal izateko.

2017ko datuak hobetu nahi dituzte eta, hala, herritarrek iaz baino aukera gehiago izango dute birziklatzeko edota hondakinak lurrera ez botatzeko. Esaterako, 11 birziklatze puntu kokatuko dituzte (iaz baino hiru gehiago), 4 San Pedro kalean, bina Butron pasealekuan, barraketan eta Arma Plazan, eta beste bat Kasino Zaharrean, aurten gazteentzako hainbat ekitaldi jasoko dituen eremuan.

Berriz erabiltzeko basoak, txosnetan
Ondo pasa! Festa garbi on bat opa dizuegu leloa duten 13.824 baso berrerabilgarri banatuko dituzte aurten txosnetan, ia 3.500 txosna bakoitzean. “Iaz ez genituen esperotako datuak lortu”, onartu du Serranok, eta esfortzu berezia eskatu die herritarrei eta txosnetako langileei. Formula ezin errazagoa da, euro bat ordaindu behar da berriz erabiltzeko basoaren truke eta, azken potea hartu eta gero, edalontzia txosnetara itzuli daiteke, jarritako euroa berreskuratuz.

Txinzerrek edalontziak jaso eta enpresa espezializatu batera eramango ditu garbitu eta beste ekitaldietarako prest egon daitezen. Momentuz txosnetara bakarrik zabalduko dute neurria, baina pixkanaka tabernetara ere zabaltzea asmoa dutela gaineratu zuen Serranok.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend