Hondarribiak eta San Juanek irabazi dute Gipuzkoako Txapelketa

Go Fit Hondarribia Arraun

Udarako denboraldiko bigarren bandera lortu dute hondarribiarrek

Ezustekorik ez zen izan atzo Mutrikun eta faboritoek irabazi zuten 2018ko Gipuzkoako Traineruen Txapelketa. Hondarribia Arraunek, gizonena, Koxtape-San Juanek neskena.

Gizonetan, Hondarribiak nagusitasuna erakutsi zuen, lehen ziabogarako aurkariak atzean utzita. Mikel Orbañanosenek lan serioa egin zuten eta denboraldi hasiera honetan behintzat Gipuzkoako traineru indartsuena direla berretsi zuten atzo. Hondarribiaren denbora: 20:12.14; Orio 22 segundora eta Donostiarra 29ra. Bigarren posturako lehia handia izan zen; hirugarren ziabogatik Donostiarra atera zen aurretik, baina azken luzean aurre hartu zieten oriotarrek. San Pedro eta San Juan laugarren eta bosgarren helmugaratu ziren. Moreek 38 segundo galdu zituzten hondarribiarrekiko, arrosek minutu eta hamasei segundo.

Emakumeen txapelketan sekulako berdintasuna izan zen. San Juanek eskuratu zuen trapua, baina azken olatura arte ez zen erabaki proba. Kanporako bidean bi segundo atera zizkioten Batelerek oriotarrei; barrurantz, berriz, Orio segundo bat azkarragoa izan zen. Azkenean, segundo eta 60 ehunen bi traineruen artean, eta beste bandera bat Pasai Donibaneko ontziarentzat. Donostiarra hirugarren iritsi zen (33ra) eta Hondarribia laugarren (41era).

Bizkaian, Urdaibai eta Kaiku
Bizkaiko txapelketa ere egin zuten atzo, Lekeition. Gizonen proban ez zen ezustekorik izan eta Urdaibairentzat izan zen garaipena. Hori bai, Zierbenak ligan erakusten ari den maila berretsi zuen atzo, 3 segundo bakarrik galduta. Isuntza sailkatu zen hirugarren, 28 segundora.

Nesketan, berriz, Kaikuk irabazi zuen proba, Deustu eta Lea-Artibairi gailenduta. Deustuarrek 19 segundo galdu zituzten, Lea-Artibaik minutu eta 28. Lehen aldia da Kaikuren emakumeen traineruak Bizkaiko txapelketa irabazten duena.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend