GUTUNA: 'Argentinako argi ilunak'
Beñat Aizpurua Vazquez irundarra Argentinako Buenos Aires hiriburuan dago. Bertan, argazkiak ateratzeaz gain, Argentinako azken estatu kolpean sortu zituzten bahiketa eta tortura guneak bisitatu ditu. Hona hemen, hitzez-hitz, Aizpuruak idatzitako testua:
“Bi mila zortziehun eta hemezortzi egun iraun zuen Argentinako azken estatu kolpeak eta milaka izan ziren historiako aldi ilun horretan desagertu ziren gizon-emakumeak. Herrialde osoan zehar zazpiehun bahiketa-gune baina gehiago sortu zituzten eta horietako bat da Buenos Aires hiriburuan topatu duguna. ESMAn, jatorrian armadaren mekanika eskola zen honetan, bost mila lagun inguru desagerrarazi zituzten. Hauen artean, langileak, ikasleak, artistak, fededunak edota militante politikoak. Gutxi izan ziren eraikin hartatik bizirik irten zirenak eta hein handi batean, apur horiei esker dugu informazio guzti hau.
Bahituekin prozedura berbera mantentzen zuten, bahitu, burua estali eta esku eta oinak lotzearekin batera ezkutuko atxilotze eta tortura eremu honetara ekartzen zituzten. Behin eraikinean, 2×0’7 m-ko zurezko kaxetan mantentzen zituzten, mugitzeko inongo aukerarik gabe eta identitate berriarekin, hiru zenbakik ordezkatzen baitzuten bakoitzaren izena. Haientzako pertsona baliagarriak izatekotan, itzulpenak egiteko eta dokumentuak faltsutzeko erabiltzen zituzten. Baliagarriak ez izatekotan, torturatu, informazioa atera eta hegazkinetik jaurtitzen zituzten itsasora. Noski, erabat lotuta eta burua estalita, arrainen elikagai bihurtzen ziren. Haurdun zeuden emakumeek antzerako tratua jasotzen zuten, haurdunaldiaren azken asteetan egoera berean zeuden gainontzeko emakumeekin mantentzen bazituzten ere. Erditzearen momentuan, jaioberria amarengandik banatu eta militarren baten seme-alaba bihurtu ohi zen. Gaur egun, haur horietako batzuk agertu diren arren, ez dago gehienen arrastorik, baina justiziak bere bidea egiten jarraitzen du. Honen erakusle da, bidegabekeria hauen arduradun asko giltzapean egotea eta beste zenbaitek epaitegietan jarraitzea. Tamalez, bateon bat epaitu aurretik hil zen.
Hala eta guztiz ere, milaka dira oraindik garai hartan ezkutarazi eta gaur egun arte desagertuta jarraitzen dutenak. Horregatik, eta egoera hau iraultzeko asmoarekin, ostegunero elkartzen dira Maiatzaren Plazan hamarnaka ama-amona egia eta justizia eskatuz. Gu ere, bertan izango gara”.
Beñat Aizpurua Vazquez