Asun Casasolak, Irungo emakume taldeetako ordezkariekin batera, Laffage oroitzeko pankarta jarri dute udaletxeko balkoian
Irungo emakume taldeetako kideek lagundu dute Asun Casasola (jaka gorri eta soineko beltzarekin).
Gaur hamar urte bete dira Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuenetik. Pasa den martxoan aske utzi zuten, hamabi urteko zigorra jaso arren. Emakume irundarraren omenez, haren aldeko ekitaldietan erabiltzen den lelodun pankarta zabaldu dute udaletxeko balkoian: “
Por tu ausencia, Nagore, zure oroimenez“. Egun osoa pasako du bertan.
Asun Casasolaren —Laffageren ama— eta Irungo emakume taldeetako ordezkarien ardura izan da kartela zabaltzea, plazara hurbildu direnen begiradapean. Ondoren, Casasolak komunikabideei adierazpenak egin dizkie. “Urtero esaten dut datorren urtean hobeto egongo naizela, baina ez da horrela”, esan du.
Hori bai, gizartean aldatzen ari dela uste du, La Manadakoen kasuaren bueltan egon diren mobilizazioek argi utzi dutenez. “Espero dut benetako aldaketa izatea. Biktimok ezin dugu izan biktima eta aldi berean kuestionatuta egon”, gaineratu du Casasolak. Berdintasunean oinarritutako gizarte bat aldarrikatu du, eta mobilizazioak gauzak aldatzeko urrats bat direla berretsi du.
“La Manada eta Nagoreren kasuak ezin dira errepikatu, eta denok festetan berdintasunean parte hartu behar dugu. Ez genukeen horrelako gauzei buruz hitz egin behar, gertatu behar ez zuketelako”, gaineratu du.
“Hilketa izan zen”
Sententziei buruz galdetu diotenean, erantzun du berak argi duela bere alaba hil zutela, ez zela homizidioa izan. “Horrelako kasuak ezin ditu herri epaimahai batek epaitu, ez daudelako horretarako prest”, aldarrikatu du.
La Manadaren biktimaren ausardia goraipatu du: “Ez du pertsona bat bakarrik salatu, bost baizik. Oso ausarta izan”. Kontrara, bortxaketagatik ez zigortzea koldarra izan zela uste du. “Zenbat zigor urte diren berdin zait, baina justiziak denentzako berdina izan behar du. Baina beno, urratsak ematen ari gara neskak aske izango diren gizarte bat sortzeko, denak berdinak garelako”.