GUTUNA: 'Herritarrei, talde politikoei eta Hondarribiko Udalari'
Balazta elkarteak (Bidasoako Bizikletaren aldeko Elkartea) Hondarribiko biztanle eta talde politiko guztiekin, gure herrian mugikortasun jasangarriaren egungo egoera eta etorkizunari buruzko gogoeta batzuk partekatu nahi ditu, eta Hondarribiko Udalari bere etsipena eta ezinegona agertu, bi urte hauetan gure herrian bizikletaz mugikortasuna sustatuz, hobetuz eta bultzatuz Balaztak egindako lanak aurrerapen gutxi eta emaitza kaskarrak lortu dituela ikusiaz.
Zalantzazko etorkizuna Hondarribian mugikortasun jasangarriarentzat.
Irun eta Hondarribiko pertsona independente talde batek 2016an sortutako elkartea da Balazta (Bidasoako Bizikletaren Aldeko Elkartea). Bidasoa eskualdean bizikleta hiri garraio modu jasangarri eta segurua bezala bultzatzea du helburu.
Sortu zenetik gogor lan egin du maila ezberdinetan gure inguruan bizikletaren erabilera sustatu eta bultzatzeko, Hondarribiko Udalarekin jarrera positibo eta eraikitzailea hartuaz, lehen momentutik udalerrian mugikortasun jasangarria garatzeko elkarlana eta laguntza eskainiaz.
Ildo honetan azken bi urteetan egindako lanaren ardatza, bidegorrien politika eta mugikortasun jasangarriaren katalizatzaile izaten saiatzea izan da, erabiltzaileen ikuspegia eta udalerrian modu seguruan mugitzeko beharrak adieraziaz. Iraganeko ekintzetan egindako akatsak errepikatu ez daitezen, txirrindulariek erakundeei emandako aholkuak oso garrantzizkoak direla ulertuaz.
Helburu honekin, 2016 urtean Balaztak Hondarribiko Udalari 15 proposamen egingarriz osatutako lan zehatza aurkeztu zion, gure udalerriko bidegorriek duten bi arazo nagusiak konpondu nahian: udalerriko leku estrategikoetan bidegorrien gabezia (eskoletara iristeko, Iruneko lotura…) eta dauzkagun bidegorrien arteko lotura.
Hondarribian bizikletaren erabilera hobetu eta indartzeko modurik eraginkorrena guzti honi erantzuna ematea da zalantzarik gabe, ildo horretan egindako edozein publizitate edo sentsibilizazio kanpaina baino hobe. Azaleko irudi-zuritze bat besterik ez bai dira izaten, gaiaren mamira iritsi gabe gehienetan, hau da, gure udalerrian bizikletaz modu seguruan ibiltzeko azpiegitura gabezia ukitu gabe.
Aipatutako proposamenok udal talde politiko guztiei aurkeztu ondoren, 2017 eta 2018 urteetan bidegorri berrien garapenerako proiektuak aurrera eramateko aurrekontu-sailak sartu ziren, bizikleta erabiltzaileengan itxaropena eta ilusioa sortuaz, urteetan bidegorri sarea hobetu edo zabaltzeko aurrekonturik gabe izan ondoren.
Hala ere, egiazko egoera 2018 bukatzeko 7 hilabete falta diren honetan, onartutakoaren zati txiki bat baino ez dela gauzatu da, eta aurkeztutako 15 proposamen horietan jasotako bidegorri berrien 7.660 m. horietatik, onartu eta egin den bidegorri zati bakarra 329 m.takoa (Abarka-Kopa) izan dela. Bukatu ondoren, zati honen planteamendu eta eraikitzean hutsak izan dira, Balaztak Udalari jakinarazi bezala, momentuz konpontzeko intentziorik ere ikusten ez diren akatsak. Erritmo honetan jarraituaz, 20 legealdi baino gehiago beharko lirateke proposamen guztiak egiteko, arazo honi irtenbidea emateko.
Antzeko zerbait gertatu da Amuteko biribilguneko bidegorri berriarekin, pareta batean bukatu eta inork ez dakiela nola edo nondik jarraitu. Honek tristuraz erakusten du lehenean egindako hutsegiteak berriz errepikatzen direla.
Balaztak hasiera-hasieratik aktiboki inplikatu eta bultzatu duen beste gaia, udalerrian Mugikortasun Mahaia sortzea da. Hiri mugikortasun jasangarria, orekatua, Ingurumen eta herritarrei errespetua eskainiaz, horren alde lan egingo duen mahaia alegia.
Joan den urteko ekaina bukaeran Udalbatzaren adostasunez onartutako mahaiaren sorrerak, herritar askorengan itxaropen berria sortu zuen. Automobilean oinarritutako egungo mugikortasun politika aldatuko lukeen jokabide eta ekintza zehatzak bultzatuko zituela uste bai zen, beste udalerrietan egiten den modura, gure udalerria atseginago, osasuntsuago eta biztanleentzako bizi kalitate handiagoa duen herria lortuaz.
Hala ere, aipatutako Mahaiaren bi bileratan parte hartu ondoren, Balazta elkarteak mahai honen funtzionamenduak kale egin duela uste du, epe labur eta ertainean egiazko helbururen bat gauzatzeko aukerak ez dira batere baikorrak. Mahai honen zeregina ez dirudi argi dagoenik, mahaiaren antolaketa, funtzionamendua eta akordioetara iristeko oinarrizkoa eta garrantzizkoa den araudi bat falta bai du.
Bestalde, gure udalerrian Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana (HMIP) prestatzeko ideia interesgarria behar bezala baliatzen den ikusteke gaude ere. Aukera ona izango da zalantzarik gabe. Gure inguruko mugikortasuna berriz diseinatzea esan nahiko luke, Udalak hartarako benetako borondatea azaltzen badu, gogor jardunez garraio publikoa eta ingurunea errespetatzen duten beste mugikortasun ez kutsakorrak indartuaz, benetan jasangarria bihurtuaz, azken aldian izandako gehiegizko motorrezko ibilgailu pribatuaren kaltetan.
Hala ere, hurrengo hauteskundeetan aurkeztuko diren talde politiko guztien programetan mugikortasun jasangarria eta bidegorri sarea azaltzen jarraituko direla susmoa dugu. Honengatik pozten gara, baina betiere nahiko genukeena, programan sartzen duenak benetan sinisten duelako eta egiazko proiektuak ekiteko aurkeztea, ez hauteskundeetan erakargarri azaltzeko asmo hutsez.
Erakundeetatik diskriminazio positiboa eskatzen duen gaia da bizikletazko eraginkortasunaren. Bizikleta garraio modu normalizatua bihurtzeko, gero eta jende gehiagok eguneroko joan-etorrietan erabili dezan, herrian txirrinda-bide seguruak izateko apustu argi eta sendoa egin behar da lehenik, erabiltzeko ezereztasun emango dituen politika izanik ondoren. Etorkizunerako inbertsio errentagarri eta eraginkorra da, epe labur eta ertainera fruituak biltzea lortuko dituena, apustu horren alde egin den beste lekuetan ikusi den bezala.
Automobilaren gehiegizko beharraren ohiturari erakundeek aurre egitea nahitaezkoa da, auto pribatuek eragindako kolapso egoerak herriko jabe bihurtu direnez, oinezko eta txirrindulariak bigarren maila batean utziaz. Nolako herri-modeloa nahi dugun birplanteatu behar genuke, eta beraren alde gogor lan egin.
Europako leku askotan ikus ditzakegu antzeko adibideak, urteetako abantaila dute eta biztanlegoaren bizi-kalitate altua, autoen ordez pertsonei garrantzia emanez lortu dute hirien benetako eraldaketa bat.
Dena den, urrutira joan gabe ere, kilometro gutxira ditugun inguruko zenbait hirietan (Hondarribiarekin bizikletaz loturarik ez zorigaitzez) benetako pausoak ematen direla ikus dezakegu, mugikortasun osasungarri eta jasangarrira eraldatuz, garraio modu hau erraztuko duten azpiegituren aldeko apustu argia eginez.
Balazta elkarteak Hondarribian bizikletazko mugikortasunaren alde, hobekuntzak lortu eta bultzatu nahian lanean ari den bi urte hauetan lortutako aurrerakuntza gutxi eta eskasak ikusirik, bidegorrien eboluzioaren balantze onik ezin dugu egin. Etorkizunean, gure herriko mugikortasun jasangarrian ez dugu arrazoirik ikusten baikor izateko.
Udalari gure etsipena eta ondoeza azaldu nahi dizkiogu arrazoi honengatik, udalak gurekin etengabe elkarrizketarako eta kolaboraziorako jarrera azaldu arren, momentuz aipatutako zatia bakarrik egin du, etorkizuneko edozein ekintza HMIPa prestatzera baldintzatuaz.
Balaztakook uste dugu ezin dela gehiago itxaron. Erabakiak hartu eta ekintza zehatzekin aurrera ekiteko garaia da, norabide egokian aurrera pausoak ematen direla ziurtatuaz. Honela ez bada, denbora eta dirua berriro ere azterketak, analisiak, ikerketak, txostenak, planak, proiektuak eta azterketa gehiago eginez joango da, gai beraren inguruan baina bizikleta erabiltzaile guztiok ezagutzen ditugun arazoei irtenbiderik eman gabe.
Honela bakarrik, gai hauetan konpetentzia duten elkarte publikoen ekintzek bultzaturik, bizikleta garraio jasangarri modura erabiltzen dutenek ziurtasunez ibili ahal izateko bideak lortuko dira. Ziur gaude honek gero eta jende gehiago bultzatuko gaituela modu osasuntsu eta jasangarrian mugitzera.
Arrazoi honengatik, Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiei, bereziki Hondarribiko Alkateari eta ordezkatzen duen talde politikoari, bere konpromisoa eta parte hartzea eskatzen diegu, garraio modu honen alde apustu argia egin dezaten.
Udalerriko mugikortasun arazoei aurre egin eta konpon-bidean jartzeko kontzientziazioa eta borondate politiko sendo eta irmoa bakarrik behar dira, eta ez aukerak galduaz denbora pasatzen utzi, arazoa larriago bihurtuaz”.