San Juanek irabazi du Lekeitioko Ikurriña; hondarribiarrak 17 segundora iritsi dira. Mutilak laugarren izan dira Zierbenak irabazitako estropadan.
Hondarribiko emakumeen trainerua, joan den asteko entrenamendu batean
Bertako Igogailuak Hondarribia, Hondarribia Arraun Elkarteko emakumeen traineruak hirugarren postua lortu zuen atzo Lekeition, Gure Esku Dago Banderaren II. ekitaldian. San Juanek irabazi zuen denboraldi aurreko azken proba, Oriori 2 segundo eta 37 ehunenen atera zizkiolarik. Hondarribia 17 segundora helmugaratu zen, besteak beste, Donostiarraren, Hibaikaren eta Deusturen denborak hobetuz.
Iker Cortes entrenatzaileak atzoko emaitza ona dela nabarmendu du, baina ez du uste ondorio gehiegi ateratzeko balio dezakeenik: “Pozik gaude atzoko emaitzarekin, baina hankak lurrean ditugu, talde asko falta ziren”.
Nolanahi ere, traineru guztiak lehiatu ez ziren arren, bistan da
Hondarribiak asko hobetu duela negutik hona. Etxeko jaitsieran, esaterako, San Juanek 45 segundo atera zizkien hondarribiarrei, eta tarte berbera galdu zuten hondarribiarrek arroxekiko Orioko estropadetan. Atzo 16 segundokoa izan zen bateleren aldeko errenta.
Hilaren 30ean hasiko da udarako denboraldia. Egun horretan Portugalete-Sestaon eta biharamunean Zierbenan, Euskotren Ligarako sailkapen estropadak jokatuko dituzte. San Juanek lekua ziurtatu zuen iazko txapelarekin, beste hiru postu daude jokoan.
Gizonak, laugarren
Gizonentzat ere azken estropada izan zen Lekeitioko udarako denboraldiari aurre egin baino lehen. Zierbenak irabazi zuen Lekeitiko XL. Ikurriña, Santurtzi, eta Donostiarraren aurretik.
Go Fit Hondarribia laugarren helmugaratu zen, zierbenarrengandik 25 segundo eta erdira. B ontzia 17. sailkatu zen, irabazlearekiko minutu bat eta hamazazpi segundo galduta.
Joan den astean eginiko
elkarrizketan Mikel Orbañanosek onartu zuen aurtengo denboraldia azken urteotako parekatuena izango dela. Atzo bakarrik ez, Lekeitioko lehen bi sailkatuek neguan zehar erakutsi dute oilarrekin batera borrokatzeko moduko eskifaiak dituztela. Zierbenak ibilbide luzeko Euskadiko Txapelketa irabazi zuen martxoan, eta Santurtzik Mutrikuko estropada ekainaren 2an, biek Ama Guadalupekoaren aurretik.