B ontziak kopako jardunaldia irabazi zuen atzo Pasaian. Ligan, mutilak bigarren helmugaratu ziren, eta nesken bi trainerillak zazpigarren eta hamaikagarren.
Zortzi ehunenengatik, Hondarribia Arraun bigarren sailkatu zen atzo Gipuzkoako Trainerilla Ligako bigarren jardunaldian —egutegiko hirugarrena, baina jokatu den bigarrena—. Pasai-Donibanen egin zuten, eta Donostiarrak irabazi zuen gizonezkoen proba —13:38.42 zurien denbora, 13:38.50 berdeena—.
Lehen jardunaldian, maiatzaren 28an Orion, Hondarribiak lortu zuen garaipena, ibilbidea osatzeko etxeko trainerillak baino 8 segundo gutxiago erabili zituelarik. Batuketa eginez gero, Hondarribiak 17 puntu ditu, eta San Juanek eta Oriok, 14na.
Bigarren trainerua Federazio Kopan lehiatzen da, gainontzeko elkarteetako B ontziekin batera. Pasai Donibanen garaipena lortu zuten hondarribiarrek, etxeko bigarren zazpikoari 25 segundo atereaz. Lehen jardunaldian bigarren sailkatu ziren, Orio Bren atzetik. Atzo Orio B bosgarren geratu zenez, sailkapenaren buru da Hondarribia B, 19 punturekin; Orio Bk eta San Juan B 17 dituzte.
Neskak, zazpigarren
Neskei dagokionez, bi trainerillekin ari da lehiatzen Hondarribia Arraun. Orioko estreinaldian zortzi ontzi uretaratu ziren, atzo hamabi. Hondarribiarrak 7. eta 11. postuetan sailkatu ziren atzokoan, Orion baino zertxobait okerrago. Nolanahi ere, traineruen denboraldia prestatzeko baliagarriak dira trainerillak eta Hondarribiak bi trainerilla osatzea oso berri ona da. Besteak beste, bi lemazain trebatzeko aukera izango dute.
Orioko emaitzak
Pasai-Donibaneko emaitzak
Iaz Gipuzkoako Trainerilla Liga irabazi zuen Hondarribia Arraunek