Hegazkin istripu-simulazioa egin dute gaur Hondarribiko hondartzako aparkalekuan. Bi hildako eta hainbat zauritu zenbatu dituzte, baina denak onik dira.
Bi hildako eta zauritu asko izan dira istripu-simulazioan
Odola ez da odola, belztutako aurpegiak ez dira erredurak, besoren bat aske ikusten baduzue ez da benetakoa, makillajea da. Zaurituak aktoreak dira, dena gezurra da, bueno, dena ez, atrezzoa da gezurra, beste guztia egiazkoa da. Balizko istripu baten aurrean egoki jarduteko, hegazkin istripu baten aurrean larrialdi zerbitzuen koordinazioan trebatzeko, simulazioa egin dute gaur goizean Hondarribiko hondartzako aparkalekuan.
Goizeko hamaiketan izan da ustezko istripua eta, hortik aurrera, sirena-hotsak izan dira protagonista herrian: Suhiltzaile kamioi pila, hamaika anbulantzia, kolore guztietako polizia ibilgailuak… gora eta behera ibili dira hiru ordu luzez, herritar gehienen harridurarako.
Ikusgarria izan da, 12 bidaiariko hegazkin baten istripua simulatu dutelako; furgoneta handi bat baliatu dute horretarako. Hegazkinekoak ez dira kaltetu bakarrak izan, hegazkinak lurraren kontra jotzerakoan zenbait autoren gainean erori baita, eta horietako bik su hartu dutelako. Ahalik eta errealena izateko, goizeko zortzietan hasi dira aktoreak makillatzen.
Irudiak ustezko istripua izan den lekukoak dira, baina aireportuan ere izan dute zeregina. Izan ere, horrelako gertakari bat izanez gero aktibatzen den protokoloa jarri baitute martxan: aginte postuak, bidaiarien familien arretarako ERIE Psikosoziala… Sare sozialetan ere, larrialdietako zerbitzuak gertatutakoaren berri ematen aritu dira SOS Deiak-en Twitter kontuaren bidez, hori bai,
#simulazioa zela zehaztuz.