Eguraldia lagun, jendetza bildu da gaur goizean Hondarribiko San Pedro kalean. Zientoka lagunek merkatu bereziaz gozatzeko aukera izan dute.
Alain Darroze sukaldari baionarra, showcookinerako prestatu duen pintxoa eskuetan
Ia denetarik egon da Bertako Produktuaren Astearen ekitaldi nagusian. Eguraldia lagun, jendetza bildu da gaur goizean Hondarribiko San Pedro kalean, eta askok eta askok Hondarribiko Udalak, herriko ekoizleekin eta zenbait ostalariekin elkarlanean, antolatu duten merkatu bereziaz gozatzeko aukera izan dute.
Larunbateroko ohikoez gain, asko izan dira gaur lehen aldiz postuetara erosketak egitera hurbildu direnak, besteak beste, pintxo bikainak eta ardo gozoak dastatzeko aukera izan dutelako trukean. Iruñeko eta Baionako ekoizleak ere izan dira postuetan, eta asko eskertu da genero aniztasun hori, negua zenbat luzatu den kontuan izanik.
Postuez gain, haurrentzako tailerra, ardo dastaketa, musika giroa, showcokinga… Azoka baino askoz gehiago izan da gaurko merkatua, eta ekoizleen salmentan nabaritu da. Nekatua baina irribarrea aurpegia zutela bukatu dute gaurko jarduna baserritarrek.
Hori bai, euskarazko hitzik ez da entzun goiz osoan, ez behintzat bozgorailuetatik, Bertako Produktuaren Asteko ekitaldi izarraren kontakizun osoa gaztelania hutsean egin delako.