Aste santuaren bezperatan inauguratu zuten eta dagoeneko bistan dira onurak, auto-ilarak ia desagertu direlako. Bidegorrien zatietan bada zer hobetu.
Trafikoa asko arindu du azpiegitura berriak
Inauguraziotik egun batzuetara, Amuteko biribilgune berriak trafikoa irensteko gaitasuna erakutsi du. Hondarribiarren aspaldiko eskakizuna zen azpiegitura hori eta, bistan denez, ondo oinarrituta zegoen eskaera.
Gipuzkoako Foru Aldundiak egin du obra eta martxoaren 28an eman zuten bukatutzat, ostegun santuaren bezperan. Egun horretan, Markel Olano diputatu nagusiak, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eta Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak bisitatu zuten biribilgunea. “Eguneroko joan-etorriak asko erraztuko dituelako”, pozik azaldu ziren hiru mandatariak.
Olanok nabarmendu zuen egunero milaka asko direla Amuteko bidegurutzea zeharkatzen duten ibilgailuak, eta eguraldi onarekin kopuru hori handitzen dela: “Puntu honetan Hondarribiko trafikoak biltzen dira. Egunero 25.000 ibilgailu baino gehiagok erabiltzen dute Amuteko bide-gurutzea, uda sasoian, gainera, asko igotzen da kopuru hori. Hemendik aurrera, biribilgune honekin, trafikoak nabarmen erraztuko dira”.
Alkatearen iritziz, Hondarribiarentzat proiektu garrantzitsua da biribilgunea, “Amuten sortzen diren trafiko arazo larriak ahal den neurrian leuntzea lortuko delako”. Gutxi barru biribilgune berria eta ospitalekoa lotuko dituen bidegorriaren lanak hasiko dira, eta obra berri horretaz ere mintzatu zen Sagarzazu. Nahi baino beranduago iritsiko den arren, berri pozgarritzat jo zuen: “Aste gutxi barru hemendik gertu Jaitzubira arteko bidegorria egingo du aldundiak, eta hori berri pozgarria da denontzat. Hasiera batean bi proiektuak batera edo antzeko denboretan egitea zen gure nahia, baina ezinezkoa izan da. Pozik gaude bi proiektu hauekin eta aurrera egiteko gogoekin”.
Ilarekin amaitzea helburu
Oiarbide diputatuaren arabera, “lehengo bidegurutzearen ahalmen gabezia” zuzendu nahi izan dute biribilgune berriarekin: “Bertan sortzen ziren zirkulazio arazoei soluzio bat bilatzea gure lehentasuna izan da. Trafiko ugariaren ondorioz auto-ilarak sortzen ziren momentu askotan eta hori semaforoen bitartez kontrolatzea konplexua da. Soluzio honen bitartez N-638 eta GI-636 errepideen arteko bidegurutzea sinplifikatu eta ordenatu egiten da”.
Amuteko biribilgune berriko lanek 555.123,20 euroko aurrekontua izan dute, eta nahi baino gehiago luzatu direla onartu du Oiarbidek: “Hasiera batean bost hilabeteko iraupena bazuten ere, negu honetan izan dugun eguraldia medio, hilabete eta erdiko atzerapenarekin amaitu dira”.
Egin den biribilguneak 50 metroko kanpo diametroa dauka eta bi erreiko eraztuna; barneko diametroa 32 metrokoa da. Obra egiterakoan, ospitalekoarekin egin zuten bezala, Txingudiko Interes Komunitarioko Lekuaren eta Txingudiko Hegaztien Babes Bereziko Eremuaren gaineko afekzioak kontuan eduki behar izan ditu aldundiak.
Dagoeneko inauguratu duten arren, eta azpiegitura bukatutzat eman daitekeen arren, biribildu gabeko zati batzuk ditu Amuteko biribilguneak, batez ere bizikleta erabiltzaileei eragiten dietenak. Izan ere, bidegorria biribilgunea bukatzen den lekuetan modu bortitzean eteten da, bizikletentzako gune arriskutsuak sortuz. Gerora bidegorri zatiek luzapena izango dute, Mendelu nahiz Jaitzubirantz, baina bitartean, behin-behineko soluzioa behar zuten, txirrindulariek bidegorritik errepidera eta errepidetik bidegorrira egin behar duten aldaketa errazteko.