25. urteurrenean Hondarribiko musikarien elkarteak deia luzatu die herriko musika eta kultur eragileei, elkartera hurbil daitezen.
Elkarteko talde bat, Psilocybenean entseatzen
Psilocybe Musika Elkarteak herriko musika eta kultur eragileei deia luzatu die, elkartera hurbil daitezen. Mende laurdena beteko ditu aurten Psilocybek, eta beste 25 urtez irauteko asmoa agertu du. Hori bai, horretarako erreleboa behar dutela kontziente dira elkartekoak.
Honela dio, hitzez hitz, Psilocybe Musika Elkarteak Hondarribiko musika eta kultur eragileei zuzenduriko testuak:
Aurten, Psilocybe elkartearen 25.urteurrena eta aretoaren 10.a betetzen dugu. Psilocybenea bizirik dagoenaren seinale, bere hastapenetik ereindako esporen uzta aspalditxo jasotzen hasiak gara. Gaur egun, entsegu lokaletan, aretoko zuzenekoetan eta grabaketa estudioko lanean uhinak ozen entzun ditzakegu.
Iraganari begiratuz, oraina aztertu eta etorkizunerako urratsak ematen jarraituko dugu. Horretarako, Psilocybe musika elkarteak Hondarribiko musika edota kulturgintzan diharduen pertsona eta elkarte oro gonbidatzen ditugu, norbanako gisa edo modu kolektiboan musika eta kultur jarduera gauzatzeko espazio beharrean izanez gero, gure elkartearekin kontaktuan jarri daitezen (posta elektronikora idatziz). Psilocybek musikagintzan egin duen bidea, beste 25 urtez egin dezan.