Gipuzkoako neguko lehen estropada jokoan izango da bihar arratsaldean Hondarribian. Oarso Bidasoko zortzi traineruk parte hartuko dute
Ama Guadalupekoa, iaz, kai berri pareko boiatik pasatzen
Ez da izango oso-oso fidagarria, baina bai gauzak nondik nora joan daitezkeen jakiteko adinakoa bai. Hondarribiko XVIII. Traineru Jaitsiera egingo dute bihar, 17:00etatik aurrera. Eguraldi txarra eta olatuak espero direlako, jatorrizko ibilbidea egingo dute, badiakoa, Javier Ugarte lorategien parean hasi eta bukatuko da. Emakumeek eta beteranoek ziaboga bakarra egingo dute, aireportuaren ondoan; gizonezkoek, ziaboga horrez gain, Santiago zubian bigarren bat gainditu beharko dute.
Gipuzkoan egiten den lehen testa izango da,
mambo-a hasiko da. Orotara, 23 ontzi lehiatuko dira, hamalau gizonenak, bost emakumeenak eta beste lau beteranoenak; Oarso Bidasoko zortzi: Gizonetan, Hondarribiak, San Juanek eta San Pedrok bina ontzi aurkeztuko dituzte, eta emakumeetan etxekoena eta sanjuandarrena izango dira bogan.
Irteera ordena
- Beteranoak: Ibaialde, Zarautz, Zumaia, eta Fortuna.
- Emakumeak: Lea-Artibai, Donostiarra, Orio, San Juan (17:07), eta Hondarribia (17:08).
- Gizonak: Isuntza B, San Pedro B (17:10), Donostiarra B, San Juan B (17:12), Hondarribia B (17:13), Portugalete, Zarautz, Getaria, Isuntza A, Donostiarra, San Pedro A (17:19), Ondarroa, San Juan A (17:21), eta Hondarribia A (17:22).
Lehen testa, behin-behineko parte hartzaileen zerrenda ikusita, onurazkoa izan daiteke Oarso Bidasoko traineruentzat. Iazko jaitsieran, gizonen absolutuan, Urdaibai erraz gailendu zen jaitsieran, etxekoak atzean utzita. Hirugarren San Juan izan zen. Sasoia nola izango zen jada antzematen joan ziren klubak eta zaleak. Emakumeetan, berriz, San Juan izan zen lehena, urruti Hibaika eta Orio izan zituela. Kategoria honetan ere urtearen aurrerapen zehatza izan zen Hondarribiko estropada.
Batelak, Orion
Traineruek euren bidea hasiko duten bitartean, bihar ere, 16:00etan, Gipuzkoako Batel Ligako laugarren jardunaldia izango dute jokoan herrialdeko batelek, Orion. Oarsoaldeko ordezkariei dagokionez, San Juan-Koxtapeko ontziak ari dira mailarik onena ematen. Lau mailatan dira lider, orain arteko hiru estropadak irabazita: kadete mutiletan, gazte nesketan, eta emakumeen nahiz gizonen absolutuetan.