Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren eskutik, 'Egunsentia edo ilunabarra Txingudi Badian' izeneko grafiti lehiaketa egingo dute martxoaren 28ra bitarte.
Partaide bakoitzak bozeto bana aurkeztu beharko du.
Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren eskutik, gazteei bideratutako lehiaketa artistikoa egingo dute martxoaren 28raino (ordura arte bidali beharko dituzte lanak irundar gazteek). 16-30 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketa izango da.
‘Egunsentia edo ilunabarra Txingudi Badian’ titulupean izendatu dute lehiaketa. Gazteei euren lanak erakusteko aukera emateko eta gazteen artean sorkuntza artistikoa sustatzeko baliatuko dute txapelketa. Parte hartzaile bakoitzak tamaina txikiko (24 zentimetro luze eta 32 zentimetro zabaleko) bozeto bana aurkeztu beharko du. Irabazleak 200 euroko saria jasotzeaz gain, bere bozetoa Bidasoko Interpretazio Zentroko sarrerako pertsianan margotzeko aukera izango du, tamaina handian.
Margolanak Bidasoko Interpretazio Zentroan (Iparralde hiribidea, 63) edo Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren egoitzan aurkeztu beharko dira, asteartetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.