Landetxaren torneoan jokatuko dute hilaren 29an eta 30ean. Orain arteko bidea positibotzat jo zuten atzo kirol eta politika arloko arduradunek.
Europako mugaz gaindiko eskualdeko selekzio bakarra da Txingudikoa
Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko partzuergoko, Irun, Hondarribia eta Hendaiako udaletako eta eskualdeko futbol klubetako ordezkaritza batek agerraldia egin zuten asteartean Hondartza futbol zelaian. Txingudiko futbol selekzioaren hurrengo jardueren berri eman zuten, eta orain arteko bidea positibotzat jo zuten. Bertan izan ziren, Arantxa Berrotaran, Pedro Alegre eta Jean Michel Arruabarrena, hurrenez hurren, Hondarribiko, Irungo eta Hendaiako zinegotziak, eta proiektuaren kirol zuzendaritzaren ardura duen Realeko ordezkari David Ortega.
Atzo azaldu zutenez, “adin ezberdinetako neska-mutilen elkar bizitza eta kirol jarduera bultzatzea, mugaz gaindiko elkarlanaren ikur izango den kirol selekzioa edukitzea, eta eskualdearen kanpo irudia indartzea” dira Txingudiko selekzioaren helburuak. Europan halako besterik ez dagoela nabarmendu zuten atzo, muga administratiboak gainditzen dituen eskualdeko selekzio bakarra dela. Dagoeneko hasi dira hurrengo txapelketa prestatzen.
Kadete mailako taldea Landetxak antolatzen duen Gabonetako txapelketan lehiatuko da hilaren 29an eta 30ean. 2003 eta 2004 urteetan jaiotako haurrak lehiatuko dira eta dagoeneko egin dute jokalarien hautaketa; atzo lehen entrenamendua burutu zuten Mariñoren zelaian. Hurrengo bi astearteetan ere entrenatuko dira, Dunboa-Eguzkirenean eta Hondarribiko Hondartzan, hurrenez hurren.
Eta datorren udaberrian beste bi lehiaketetan parte hartuko du eskualdeko selekzioak. Martxoaren 31tik apirilaren 2ra 2005ean jaiotakoak Hendaian lehiatuko dira Les Eglantinsek antolatzen duen Pâques txapelketan. Hurrengo astean, apirilaren 7an eta 8an, Haurren Mailakoen selekzioak jokatuko du Landetxaren aste santuko torneoan.
Bigarren ekimena
2001ean abiatu zen Txingudiko selekzioaren egitasmoa, Ricardo Gomez Dunboa-Eguzki taldeko presidentearen ekimenez. Irungo Lopez Ufarte txapelketan lehiatzeko sortu zen eta hiru urtez jarraian jokatu zuten torneo hori. Hor bukatu zen selekzioaren ibilbidea.
2014ak ideiari berriro heldu zitzaion. Eskualdeko elkarteek Txingudiko futbol selekzioaren protokoloa sinatu zuten, berriro lehiatzeko asmoz. Iaz, 13 urtez azpikoen taldeak Pâques txapelketan parte hartu zuen; hiru egunez lehiatu ziren bertan, eta txapelketa irabazi zuten gainera.