Egutegi ikusgarria kaleratu dute Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Hondarribiko Udalak. Bioaniztasuna babesteko buruturiko programen fruitua da.
Iñaki Sanz-Azkue eta Anais Mitxelena, joan den astean, Aizporandiko hezegunea ikuskatzen
Aranzadi Zientzia Elkarteak Jaizkibel mendiaren egutegia argitaratu berri du, duela sei urtetik Hondarribiko Udalarekin burutzen ari den biodibertsitatea babesteko lanak ezagutarazteko. Hamahiru argazki, hilabete bakoitzeko bana, eta beste bat azalerako, hainbat argazkilarik eginikoak. Egutegien garaian murgilduta gaudelarik, ez dirudi berezia denik. Baina bada, barruan dago berezitasuna, argazkietan azaltzen diren lore, animali eta paisaietan. Mendi handia ez den arren (543 metro), bioaniztasun oso aberatsa gordetzen du Jaizkibelek, eta horren isla da argitaratu duten egutegia, Hondarribiko Udalaren egoitzetan (BAZen, liburutegian, Arma Plazan…) jaso daitekeena.
Anais Mitxelena biologoa eta Iñaki Sanz-Azkue herpetologoa aritu dira Aranzadiren Jaizkibelgo programetan buru-belarri. Mitxelena programetako arduraduna da eta, hondarribiarra izanik, oso ondo ezagutzen du ingurunea, txikitatik: “Udaro familiarekin Justizera joaten ginen, kalan bainatzera, eta egun osoa pasatzen genuen han”. Sanzek, aldiz, duela gutxi ezagutu du mendia, eta deskubrimendu handia izan da beretzat: “Sorpresa izan zen, 27 urterekin etorri nintzen Hernanitik, nire inguruko mendietatik oso desberdina zen mendia aurkitu nuen, kostatik oso gertu eta oso berezia egiten zuten baldintza batzuekin”.
Egutegiko argazkietako bat. Txantxiku arrunta, Jaizkibelen (arg: Iñaki Sanz-Azkue)
Bioaniztasunaren aldetik oso berezia da Jaizkibel, habitat asko biltzen dituelako. Horregatik, Natura 2000 mundu mailako sare barruan dago, eta Kontserbazio Bereziko Eremu gisa izendatuta dago. Besteak beste, munduan Bizkaian eta Gipuzkoan soilik aurki daitekeen
Armeria euscadiensis lorearen bizitoki handiena da, baina hori baino askoz gehiago: “27 habitat daude —azaldu du Mitxelenak—, Europak hamabi babesten ditu, eta horietatik bost lehentasunezkoak dira: Kostaldeko txilardia,
Cladium mariscus hezegunea, ibar-basoa, txilardi heze-atlantiarra eta
Deschampsia flexuosa larre zilizeoak». Zer esan nahi du bost habitat horiek lehentasunezkoak izatea? “Ba zahurgarri gisa kontsideratuta daudela, babes maila handia behar dutela, eta tokiko erakundeek babes hori bermatzeko ardura dutela”, erantzun du biologoak.
Hareharrizko erliebeagatik eta itsasoarekiko gertutasunatik biltzen dira hainbeste habitat Jaizkibelen, Sanzen hitzetan: “Erreka asko ditu, oso laburrak, eta erreka bakoitzak oso gune desberdinak biltzen ditu, gune oso ilunetan sortzen dira, ibar baso itxiekin, gero zabaltzen dira eta hezeguneak azaltzen dira. Larreak, hezeguneak, txilardiak, basoak, leku berdinean nahasten dira. Leku oso txikian habitat asko eta horrek bioaniztasun handia sortzen du, bai faunan, bai floran”.
Sei urtean lau eremu
2011n hasi ziren Aranzadi eta Hondarribiko Udala Jaizkibelen lanean, Jaurlaritzak eskaintzen dituen bi-urteko laguntza programak baliatuz, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin koordinatuz. “Aldundia landare inbaditzaileen kontra aritu da batez ere, eta Aranzadi eremu zaurgarrienetan zentratu da”, argitu du Mitxelenak.
Lehen programa Higer lurmuturretik oso gertu abiatu zuten, lehentasunezko babes maila duten bost guneetako batean, Aizporandi errekaren itsasoratzearen aurretik sortzen den hezegunean. Mitxelenak zehaztu duenez, eremua oso degradatua zegoen,
Bacharis halimifolia landare inbaditzailearen erruz: “Diagnosia eta hezegunearen inbentarioa egin genuen, eta landare inbaditzaileak kendu genituen, txikiak eskuz, eta handiak motzondoak eginez eta brotxarekin herbizida banatuz”. Eta kendutako landareek utzitako hutsuneetan, bertakoak landatu zituzten: “Bertako landarea
Cladium mariscus da, haziak hartu eta Urnietan dugun mintegian hazi genituen, eta
baccharis-ak kendutako lekuetan landatu”.
Bi urtez aritu ziren hezegunean lanean, eta gerora ekintza puntualetarako itzuli direla erantsi du Aranzadiko kideak: “Urtero ikuskatzen da landare inbaditzaile berriak ote dauden, eta eskuz kentzen dira. Ezingo dira desagertu arazi, Jaizkibel ez dagoelako isolatuta, baina oreka bat mantentzea da helburua”.
Mitxelena, Bacharis halimifolia landare inbaditzaile ale bat kentzen
Hurrengo programarako Martiz errekara mugitu ziren, bailara osoan eragiteko, Sanzek zehaztu duenez: “Pinuak ordezkatu beharra ikusi zen, bertako zuhaitzengatik ordezkatu beharra, baina ikusten genuen beste habitat batzuetan ere eragin behar zela. Adibidez, bailara horretan hezegune askorik ez dagoenez, aska bat berreskuratu genuen”. Erosioaren eraginez sedimentuz gainezka zegoen, eta ia ez zen putzurik geratzen. Auzolana antolatu zuten putzua berpizteko, eta 30 pertsonak erantzun zioten deialdiari. Hondarra kendu, pareta txukundu ura ez galtzeko, eta inguruko hondakinekin, moztutako egurrak, iratzeak eta harriak baliatuz, txantxiku arruntarentzat babesguneak eraiki zituzten. “Duela bi urte egin zen hori. Aurtengo udaberrian egon garenean, txantxiku helduak eta zapaburuak ikusi ditugu askan, eta beste espezie batzuk ere”, gaineratu du Aranzadiko herpetologoak.
Gerora,
Txurtxipi eta Iturrain erreketan ere jardun du Aranzadik, Martizeko formatu berarekin, eta auzolanetarako deia luzatuz. “Normalean deialdi hauek ez dituzte jende asko erakartzen, baina Jaizkibelen sorpresa hartu dugu, jende asko etorri da, familiak ere, eta lanerako gogoz”.
Sei urtean Aizporaundiko hezegunea eta Martiz, Txurtxipi eta Iturrain errekak babesteko ekintzak burutu dituzte Aranzadik eta Hondarribiko Udalak. Horrez gain, beste zenbait programa abiatu dituzte azken hamarkadan Jaizkibelen, labarrean, magaletan, paduretan, eta garai batean ohikoak ziren suteen arrastorik ja ez da geratzen. Hamar urtean kolorea itzuli zaie Jaizkibelgo argazkiei. Kolore paleta aberats hori zaintzea eta osatzen joatea da hemendik aurrerako erronka.