Hiru partidetan bi puntu lortu behar ditu. Hirugarrenak geratuta ere, txapeldunen faserako sailkatuko dira neskak taldearen lehen urtean.
Urteko lehen helburua betetzear dira Erregionaleko neskak
Hondarribia Futbol Elkarteko Erregionaleko taldeak 2-5 irabazi zion igandean Santo Tomas Lizeoari Donostian. Touringek Beti Gazte liderrarekin galdu zuenez, bigarren geratzeko aukera ezin hobea du nesken lehen taldeak.
Touringi bi partida falta zaizkio eta 18 puntu ditu, hau da, biak irabazita 24ra iritsiko litzateke. Hondarribiak 22 pilatu ditu orain arte, eta hiru partida falta zaizkio jokatzeko. Bi puntu lortzea nahiko litzateke bigarren geratzeko, oreretarren aurkako averagea alde duelako. Laugarrenak, Allerruk, jada ez du aukerarik hain gora iristeko, eta hirugarren geratzen saiatuko da (
ikusi sailkapena).
Hirugarren geratuta ere txapeldunen faserako sailkatuko litzateke Hondarribia, multzo bakoitzeko lehen hirurek eta laugarren onenak jokatuko baitute txapeldunen fasea; gainontzeko taldeek kopa izango dute jokoan.
Nagusien taldeak lehen urtea duela kontuan izanik, pozik egoteko arrazoiak baditu Ainhoa Iñarrak entrenatzen duen taldeak. Mailara egokitzea eta gozatzea zen lehen helburua, eta egiten ari dira. Eta txapelketa fasera sailkatzea, bigarrena, eta hori ere eskuetan dute ia