Hondarribia Eskubaloia sailkapeneko eremu erosoan kokatu da Bidasoa-Irunen kontra garaipena lortu eta gero.
Liga hasierako zailtasunak ahaztu ditu Il Capo Hondarribiak
Aurreko jardunaldian liderraren kontra gol bakarragatik galdu eta gero, garaipena eskuratu du asteburu honetan Il Capo Hondarribia eskubaloi taldeak Bidasoa-Irun taldearen kontra (25-17). Batez ere bigarren zatian landutako garaipena izan zen.
Azken markagailuak alde handia adierazten duen arren, dena eman behar izan zuen taldeak bi puntuak etxean geratzeko. Izan ere, Bidasoak hobeto ekin zion partidari, eta lehen zati ia osoan aurretik egon zen. 25. minutuan 8-10 adierazten zuen markagailuak, baina hondarribiarrek berdinketa lortu zuten atsedenaldia baino lehen (11-11).
Bigarren zatian defentsa estutu zuen Il Capok, eta irundarrek ezin izan zuten golik sartu lehen hamar minutuetan. Pixkanaka-pixkanaka aldea handitzen joan ziren etxekoak, partida alde handienarekin ixteraino. Etxekoen artean, zortzi jokalarik lortu zuten irundarren atea zulatzea. Eloi Etxaburuk, Ion Bergesek eta Markel Martinek launa gol sartu zituzten.
Garaipenari esker, multzoko eremu erosoan kokatu da Il Capo Hondarribia, zortzigarren 12 punturekin, eta laugarren postutik bi puntura (
ikusi sailkapena). Hurrenfgo partida kanpoan jokatuko dute, larunbatean, Berangon. Quiron Askartza izango dute aurkari. Multzoko azkenak dira getxoztarrak eta, hortaz, sailkapenean gora jarraitzeko aukera izan dezakete hondarribiarrek.