Aurrekontu partehartzaileetako proiektuez gain, Uranzu pilotalekua, Juan Wollmer plaza, Txingudi Tenisa edota Artalekuren estalkirako bideratuko dute dirua.
Miguel Angel Paez eta Xabie Iridoyk aurrekontuen berri eman dute gaur.
Gaur, hilak 22, Irungo Udaleko Miguel Angel Paez eta Xabier Iridoy ordezkariek 2018ko aurrekontu orokorren proposamenaren berri eman dute. Guztira, 73.161.106 euroko aurrekontuarekin ekin nahi diote urte berriari, iaz baino %2,5 gehiagorekin.
Aurrekontu orokorren barruan, azken hilabeteetan irundarrek aurrekontu partehartzaileetan aukeratu dituzten proiektuak sartu dituzte (1,5 milioi euro). Horrez gain, besteak beste, Uranzu pilotalekuaren berritze lanak (3.030.000 euro), Txingudi Tenis berria (800.000 euro), Juan Wollmer plazaren berregituraketa (800.000 euro) eta Artaleku kiroldegiaren estalkiaren (700.000 euro) proiektuetarako bideratuko dute dirua.
Aurrekontuen proiektua dagoeneko talde politikoek jaso dute eta abenduaren 14ra bitarte zuzenketak erregistratzeko aukera izango dute.