XVII. Ficab jaialdian, 35 dokumental lehiaketara

ficab17.aurkezpena

Oiassoko Maria Jose Noain, udaleko Juncal Izagirre, eta Oronako Iñigo Marquet, gaurko aurkezpenean.

Hilaren 20tik 25era (hurrengo asteko astelehenetik larunbatera) luzatuko da aurtengo Ficab. Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa. Bitarte horretan, 35 lan ikusteko aukera izango da, hain zuzen ere, lehiaketan parte hartzeko proposamena egin zuten lanen erdia. Oiasso Museoak Irungo Udalarekin elkarlanean antolatzen dute Ficab.

Emanaldi guztiak Amaia Kultur Zentroan eta Carlos Blanco Aginaga (CBA) kulturgunean egingo dituzte. Eta saio guztietarako sarrera doan izango da. Izan ere, zinemaldiak hasieratik duen ezaugarria da hori, sarrera doan izatearena alegia.

Eguneko hiru sesio egongo dira. 11:00etan, hiriko hezkuntza zentroetako kideek gozatuko dute zinemaldiaz —publiko orokorrari ere zabalik daude horiek—. 17:00etako paseak CBAn egingo dituzte, eta 19:00etakoak Amaia KZn. Jaialdia zabaltzeko gala hilaren 20ko 19:00etan egingo dute Amaian, eta hilaren 25eko 18:30ean sarien banaketa.

Aurtengo berritasun bat kokalekuekin dator. Klasikoei bat erantsi zaie, Orona enpresak Hernanin duen egoitza; hilaren 22an, 11:00etan (hezkuntza zentroetako kideentzat), En busca del futuro perdido lana emango dute bertan.

Era berean, Ficab-en barruan hainbat jarduera paralelo egingo dituzte, horiek ikusteko joan zinemaldiaren webgunera. Ondoko PDFan ere ikus daiteke zertan den 2017ko Ficab.

+ Ficab 2017 egitaraua.

Aurkezpena, gaur
Gaur aurkeztu dute 2017ko Ficab. Maria Jose Noain Oiassoko zuzendariak esan duenez, ikusi ahal izango diren proposamenen artean ekoiztetxe handiek egindakoak, eta askoz txikiagoak, “pertsonalagoak”, daude. Antzineko kultura askoren mosaikoa izango da zinemaldia, eta aurtengo ekitaldian paleolitikoko eta gizakien jatorriko gaiek nagusitasuna izango dute. Bost kontinenteetan kokatutako dokumentalek izango dute tartea.

Juncal Izagirre Kultura ordezkariak, bere aldetik, nabarmendu du Espainiako estatuan ez dagoela Ficab bezalakorik, “gainera Irungo eta inguruko herrietako publiko fidela du”.

Epaimahaiko kideak nazioartetik etorriko direla adierazi dute antolatzaileek, eta lan irabazleak 2.000 euro, publikoaren saria eramango duenak 1.000, eta Arkeolan sariaren jabeak garaikurra jasoko dituztela zehaztu dute.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend