Ederrenak irabazi dezala
Lagun Onak Ornitologia Elkarteak antolatuta, nazioarteko lehiaketa egiten ari dira Hondarribiko Jostaldi frontoian. 3.317 txori daude izena emanda.
Gaur eta bihar txoriak jasotzen ariko dira Lagun Onak elkartekoak
Ehunka txori, milaka, zein baino zein ederragoa, zein lerdenagoa, eta zein zaratatsuagoa. 3.317 txori bilduko dituzte Hondarribiko Jostaldi kiroldegian aste honetan, Irungo Lagun Onak Ornitologia Elkarteak, Espainiako estatuko iparraldeko (FON) eta Gaztela eta Leongo (FEORCALE) federazioekin elkarlanean, antolatu duen Fon Feorcale nazioarteko lehiaketan.
Asteazkenera arte txoriak jasotzen eta sailkatzen arituko dira antolatzaileak. Asteazkenean epaileena lana izango da, nazioarteko epaileak hurbilduko dira egun horretan Jostaldira eta hegaztien kolorea eta jarrera puntuatzen jardungo dute.
Eta asteburuan ate irekietako jardunaldiak izango dira; Jostaldiko ateez ari gara, noski, ez kaioletakoez. Ostiralean nahiz larunbatean, 10:00etatik 20:00etara, eta igandean 09:00etatik 12:00etara, izango da txoriak ikusteko eta entzuteko aukera.