Hondarribiko Udalak ibilgailu luzeen aparkatzea debekatzen duten seinaleak jarri ditu, horretarako araudirik ez dagoen arren.
Udara bukatuta hondartzan aparkatzea libre den arren, autokarabanek ezingo dute egin
Hondarribiko Udalak ez ditu autokarabanak nahi, ez hondartzan, ez beste inon. Aurrena hondartzako aparkalekuetatik kanporatu zituen, ondoren Biteri eskola pareko aparkalekuan altuera mugatzeko barrerak jarri zizkien, eta orain, hainbat lekuetan debeku-seinaleak ezarri ditu udalak, autokarabanek aparkatu ez dezaten.
Seinaleek, 2,2 metroko altuera eta 5 metroko luzera gainditzen dituzten ibilgailuei eragiten die, hau da, autokarabanei, banaketa ibilgailuei, pertsonen garraiorako ibilgailuei, autobusei, eta abar. Baina autokarabanak eta autobusak dira kaltetuenak, gainontzeko ibilgailu handiek ez bezala, ez dagoelako Hondarribian haientzako aparkatzeko toki zehatzik, ez autokarabanentzako, ez autobusentzako. Gainera, autokarabanek erabili ohi zituzten lekuetan jarri dituzte seinale horiek, hondartzako aparkalekuetan eta Minasoroetan kalean, besteren artean.
Oposizioko alderdi nagusi Abotsanitzen salatu du, gaiari buruzko azalpenak eskatu dituztenean informazioa ukatu egin diotela: “Txosten bat dagoela adierazi diguten arren, hau eskatu eta ukatu egin zaio Abotsanitzi. Txostenak eskuratzea zinegotzien eskubidea den arren, Hondarribiko Udalak txosten hau jasotzea ukatu egin digu”.
Abotsanitzek aurkeztuta, autokarabanentzako araudia eskatzen zuen mozioa onartu zuen osoko bilkurak iazko urrian (
irakurri orduko erreportajea), baina zentzu horretan urratsik ez da eman harez geroztik. Hala, autokarabanentzako araudirik gabe, jarritako seinaleek oinarri juridikorik ez dutela iritzi du Abotsanitzek: “Hondarribiko Udalak aparkatzearen inguruan duen ordenantzak TAO eremuari buruz aipamena egiten duen arren, ez dago ibilgailuen tamainaren inguruko adierazpenik”.
HITZAk jakin izan duenez, Sorbeltz Autokarabana Erabiltzaileen Euskal Elkartea oso haserre dago Hondarribiko Udalak hartutako bidearekin. Hori, 4.800 euroko kostua izan duten seinaleak jarri behar zituztela jakin aurretik.