Hondarribia kalearen berritzea adosteko parte hartze prozesua egin du Irungo Udalak, 89 partaiderekin. Haien ekarpenak kontuan hartu dira.
Hondarribia kale berrituaren argazki muntaia.
Irungo Udalak iragarri duenez, Hondarribia kalea itxuraldatzeko lanak 2018aren hasieran abiatzea jarri dute helburutzat. Orain, egitasmoari azken ukituak emango dizkiote, ondoren lanak esleitu eta esandako epean makinek obrak hasteko.
Orain arte landutako egitasmoaren arabera, bi aldeetako espaloiak zabalago egingo dituzte (ezkerreko aldea zabalagoa izango da, eta eskuinekoan autoak aparkatzeko plazak izango dira). Hortaz, San Migueleraino bide bakarreko errepidea izango da, eta San Miguel plaza osoa oinezkoentzat. Behin plaza hori pasata, joan-etorriko bideak mantenduko dira auzoko trafikoa erraztearren.
Cristina Laborda Mugikortasun eta Hirigintza Lanen ordezkariak egitasmoaren aurkezpenean azaldu zuenez (hilaren 14an aurkeztu zieten inguruko bizilagunei), 2011an hasitako egitasmoaren jarraipena izango da honakoa. Orduko hartan, Hondarribia kalea Zubimuxu plazaren eta Anzaran kalearen artean egin zituzten berritze lanak.
Parte hartze prozesua
Hondarribia kalea eraberritzeko egitasmoak herritarren ekarpenak jaso ditu. Horretarako parte hartze prozesua ireki zuen udalak. Horretan 89 irundarrek parte hartu dute. Udalak esan duenez, gehienak ados agertu ziren udalak hasieratik planteatutako egitasmoarekin, eta ekarpenak egin dituztenen hainbat ideia txertatu dituzte behin betikoa osatzeko, tartean zamalanak errazteko guneak sortzea, kalean zuhaixkak jartzea, edo autobus geltokian estalkia jartzea.
Lanek irauten duten bitartean, eta aparkalekuak gutxituko direnez, Pinarreko parkinean autoak uzteko erraztasunak emango ditu udalak: hori egin nahi dutenek, hilean 40 ordainduta, plaza izango dute parkin horretan.