Zerotik hasten da Kontxako bandera
Atzo Txingudiko badiara atera zen Ama Guadalupekoa entrenatzera, gaur Donostian egingo dute. Bihar hasiko da urteko bandera preziatuenaren lehia.
Ama Guadalupekoa atzo arratsean Txingudi badian, Kontxarako prestatzen
Iritsi da Kontxako bandera. Iritsi da urteko trapu preziatuenaren lehia. Atzo arratsean (irudian) Txingudiko uretara atera zen Ama Guadalupekoa entrenatzera, gaur Donostian egingo dute. Bihar dute Kontxako lehen saioa, sailkapen estropada, gainditu beharreko lehen koska.
Dena ongi, igandean itzuliko da Hondarribia Arraun Elkartearen lehen trainerua Donostiara, banderaren lehen jardunaldian lehiatzera.
Ez neguko jaitsierek, ez udaberriko estropadek, ez txapelketek, ezta Eusko Label Ligak ere, orain arteko ezerk ez du balio. Zerotik hasiko da bihar Kontxako bandera.