Irungo uda Dies Oiassonis jaialdiarekin lotu behar da. Aurtengoaren balantzea egiterakoan baikor eta pozik azaldu dira alde guztiak.
Azokak bisitari asko erakarri zituen.
Gaur aurkeztu dute
Dies Oiassonisen balantzea. Alde guztietatik baikor azaldu dira udaleko Hiri Bultzada ordezkari eta jarduneko alkate Miguel Angel Paez, Oiasso Museoko kudeatzaile Cristina Agirre, eta Bidashop-eko presidente Jose Maria Lumbreras: “Dies Oiassonis Irungo udaren erreferentzia bihurtu da”. Hala, jaialdia “hazi eta indartu” egin dela baietsi dute, “oso proposamen indartsua da Dies Oiassonis. Bakarra da gure inguruan, eta hori harro egoteko modukoa da”.
Historia, gastronomia eta aisia uztartu dituen jaialdia, aurten, anbizio handikoa izan dela esan dute balorazioa egin dutenek, “gainera, gustuko izan dute hiritarrek, eta uztailean bisitatzeko gune interesgarri bezala kokatu du Irun”.
Oiassoko Cristina Agirrek zehaztu duenez, egin diren jardueretan izan diren partaideak hirukoiztu egin dira, “eta gainera, egitarauari nota oso altua jarri diote”.
Berritasunak, ondo
Ikuskizunei dagokionez, bi berritasun nagusi izan ditu hilaren 14tik 16ra egin den Dies Oiassonisek. Batetik, zirkua San Juan plazan jarri dute —lehen Santiagoko frontoian zegoen—, eta bertako ikuskizunetara 2.500 ikusle baino gehiago joan direla adierazi dute.
Erromako zirkua, San Juan plazan.
Beste berritasuna Erromako kanpalekua izan da. Horretan zeuden objektuek ikusleen oniritzi zabala izan dute, Legio VI Victrix legio erromatarren errekreazioak bezala.
Alta, urteroko klasikoak, Navigium Isis prozesioak, jendez bete du hiria berriz ere. Bertan parte hartu zuten 140 boluntarioen ekarpenak goraipatu dute.
Eta
eskaintza gastronomikoan ere arreta jarri dute balorazioa egiteko. Hiriko 30 establezimenduk parte hartu dute horren barruan egindako jardueretan —tailerrak barne—, eta hori nabarmentzeko modukoa dela esan dute udaleko, Oiassoko eta Bidashop-eko ordezkariek.