Hondarribiko boluntarioek Polikastron irekiko duten okindegiaren kanpoaldean jarriko dute. Greziara bidean da dagoeneko, sukalderako tresnekin batera.
ADSNko kideak, Hondarribia-Katsikaseko bi emakumerekin, kamioia abiatu aurretik
Greziara bidean dira Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldearen auzo-denda muntatzeko lehen tresnak. Accion Directa Sierra Norte (ADSN) gobernuz kanpoko erakundeak alokatuta duen pabiloi batean jarriko dute denda eta, janaria banatzeaz gain, egunero 1.500 ogi siriar egiteko gaitasuna izango duen
okindegi bat eraikiko dute.
Atzo, ADSNko presidente Julio Garcia espainiarra —argazkian, bizarra duena—, Hondarribira etorri zen, erakundeko beste boluntario batekin. Hondarribiko elkarteak bildutako diruarekin joan den astean Madrilen erositako kamioian etorri ziren, eta hondarribiar batek dohaintzan emandako sukalde bat eta lapiko batzuk sartu zituzten bertan, baita
zozketa solidarioaren asteburuan sorturiko muralaren zati bat, okindegiaren kanpoaldean kokatuko dutena, eta BERRIA komunikazio taldeko teknikariek prestatutako ordenagailu bat, errefuxiatu familien datu-basea sortzeko erabiliko dena.
Gaur goizean abiatu dira Bartzelona aldera. Han, okindegirako behar diren gainontzeko makinak jaso eta Greziara eramango dituzte, uztaila eta abuztuan zehar muntatzeko.
ADSNren pabilioi batean ezarriko dute auzo-denda, baina Hondarribia-Katsikasek kudeatuko du, eta bertan Hondarribiko boluntarioek eta errefuxiatuek lan egingo dute elkarrekin. Boluntario gisa joan nahi duenak, Hondarribia-Katsikasen
posta elektronikora idatzi dezake, informazioa eskatzeko.